Negozioa ireki aitzinetik «beldur pixka bat» sentitu zuela onartu arren, «dendak etorkizuna izan zezakeela» pentsatu zuen: «Erratzu kulturalki eta sozialki herri bizia da, eta herritarrek bertan bizia egiteko ohitura dute». Aldi berean, gazteengan «herrian bizitzen gelditzeko» joera ikusten zuen, baita «lehen joandako batzuk itzultzen ari zirela» ere. «Argi» omen zuen «dendaren martxa nagusia herriko jendearekin» egin nahi zuela, baina turismoa ere bere alde ikusi zuen: «herri erakargarria izanda, nahiko jende mugitzen da eta horrek ere bere eragina izaten ahal zuela pentsatu nuen».
Hamahiru urteko ibilbidea
Denda ttikien egoera «nahiko zaila» dela jakitun da, eta argi du sektorea indartzeko gakoa herritarren esku ere badagoela: «jendeak horrelako dendak herrian izatearen garrantziaz kontziente izan beharko luke. Denda edo ostatu bat ixten delarik, penarekin solasean sumatzen da jendea, baina hori erraten duenak zerbait egin du ez ixteko?». Denda ttikien jarraipena «denon esku» dagoela uste du: «guti edo aunitz, baina dendak erabiliz ez dira itxiko».
Oztopoak oztopo, berak ausartzea erabaki zuen eta hor segitzen du 13 urte beranduago, kontent: «egunero bada mugimendua eta adin guztietako jendea hurbiltzen da. Adinduak dezente, helduak ere bai, eta gazteak gutixeago baina ibiltzen dira». Gainera, lana lortzeaz gain, estimu haunditan duen bertze zerbait lortu du: «herritar aunitz ezagutzea eta beraiekin harreman estua izatea lortu dut».