Gurasoek hasiera hartan eta berak urte aunitzez «familiaren laguntzaz» segida emateko egindako ahaleginak tarteko, ixtea «emozionalki gogorra» izan zen Aizpururentzat: «guztira 75 urtetako, hau da, familia bateko bi belaunaldik izandako bizipenak gordetzen ziren hor». Era berean, urte horietan guztietan herritarrekin harreman «arras polita» eraikia zuen, eta itxierak, hein batean bederen, hori etetea ere bazekarren.
Ostatu eta dendatik landetxe izatera
Ostatua eta denda itxi aitzinetik, ordea, 1993aren bueltan, landetxea ireki zuten: «etxeko guztien artean hartutako erabakia izan zen, etxea haundia izaki, etekina ateratzeko modua bagenuela pentsatu genuen». Ireki zutenetik egunera bitarteko «hogeita bortz urteotan» aldaketa nabariak gertatu direla adierazi digu: «bortz logela eta hiru komunekin hasi ginen, orain logela guztiek komuna ez ezik, telebista eta wifia ere badute, jendeak erosotasuna eskatzen du». Pixkan-pixkan jendearen eskariak eta gizartearen garapenak bere egin dituzte: «lehen eskuorriak egiten genituen eta horiek hedatzea zailagoa zen; orain, Internetari esker, atzerriko jendea ere etortzen da eta zorionez jende aunitz ezagutzeko aukera eskaintzen digu horrek». Lana «ongi» egiten dutela ikusirik, hartutako bidea «hartu beharrekoa» zela uste du zigarrak. Baina bada gogoan duen zerbait: «herrikoekin izaten nuen hartu-emana faltan botatzen dut». Gaur egun herrian denda eta ostaturik ez izatea «ez da samurra» edozer erosteko kotxea behar izateaz gainera, dendek eta ostatuek, oro har, zerbitzuek «herria bizitzen eta harremanak sortu eta sustatzen laguntzen» dutela uste du, «eskolek egiten duten bezalatsu».