Udazkeneko feriak ospatuko dituzte ortziralean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 16a, 08:00

Udazkenarekin batera feria giroa dator eskualdera, eta Baztanen ondotik Malerrekaren txanda da. Azaroaren 18an ospatuko dira feriak Donezteben, eta neurri murriztaileak eta maskarak alde batera utzita, normaltasun osoz gozatuko ditugu aurten.

Azienda erakusketa ikusteko, postuz postu buelta bat emateko eta herri kirolen ikuskizunaz gozatzeko aukera izanen da, bertzeak bertze, feria egunean. Doneztebeko Herriak gustu guztietarako ekitaldiak antolatu ditu eta haur, gazte zein helduek izanen dute zer ikusi eta egin.

Aizkolariak lehiarako prest

Urtero bezala, kirolak bere lekua izanen du ferietan; Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatu dute aurten 18:00etan pilotalekuan. Lekunberrin egindako finalaurrekoan erabaki zen boskotea lehiatuko da bertan: Ibai Soroa arribetarra, Joxean Etxeberria zigatarra, Iker Vicente otsagabiarra, Txomin Amundarain arribetarra eta Eneko Saralegi errazkindarra. Aizkora gustuko dutenek galdu ezin duten hitzordua izanen dute; lehia sutsua izanen da eta bortz lagunek erakustaldi ederra emanen dute!

Aziendak nagusi

Ohitura zaharrari segida emanez, azienda erakusketa ere ez da faltako feria egunean. Behiak, ardiak, behorrak… abeltzainen topaleku bihurtuko da bertze behin Doneztebeko Merkatu plaza eta aziendak erakusteaz gain, tratuan aritzeko ere baliatuko dute aunitzek hitzordua.

Karrikak saltzailez beteak

Ohikoa den bezala, postuek eta dendariek Doneztebeko karrikak beteko dituzte egun osoan, 200 salmahai inguru izanen baitira. Batzuk urrunetik etorritakoak izanen dira, bertzeak berriz, eskualdekoak, eta denen artean produktu sorta zabala eskainiko dute, gustu guztientzako; artisau lanak, arropa, gozoak eta jatekoak, lanabesak, jostailuak, osagarriak… 

Goiz-goizetik jendea bueltaka ibiliko da herritik eta aukera ezin hobea izanen da saltzaile eta artisauekin egoteko eta aspalditik erosi nahi genuen hori lortzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun