Erreka Guraso Elkartea

«Gure seme-alaben ongizatea bermatzea dugu helburu»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 16a, 09:00

Belaunaldiz belaunaldi, Erreka Guraso Elkarteak Doneztebeko eskolako gurasoak lantalde batean bildu ditu. «Guk ttikitatik, ikasleak ginenetik ezagutu dugu elkartea, baina azken lau urteotan aldaketa nabarmena eman da kudeaketa eta funtzionamenduan. Talde polita dugu eta lan egiteko gogotsu gaude». Izan ere, elkartea 134 familiek osatzen badute ere, lantalde inplikatuan 12 lagunek parte hartzen dute, eta Leire Uterga Labiano da lehendakaria.

Elkartearen helburua argi dute: «elkarlana; irakasle, ikasle, langile, udal eta gurasoen arteko elkarlana gure seme-alaben ongi izatea bermatu ahal izateko». Hezkuntza komunitatearen parte direnez, eskolan laguntza eskaintzen dute eta gurasoen iradokizunak kudeatzen dituzte; «elkartea eskolaren eta gurasoen arteko lotura da».

Horretarako, «etengabeko komunikazioan gaude ikastetxearekin, eskola kontseiluan, jantokiko batzorde ekonomikoan eta bizikidetza batzordean parte hartzen dugu eta gurasoen proposamen eta kexak biltzen ditugu». Gainera, hainbat jarduera antolatzen dituzte ikasturte osoan; solasaldiak, tailerrak… «gure edo Doneztebeko Udalaren ekimenez». Hau guztia antolatzeko, «beharren arabera» elkartzen dira; «normalean astean behin edo bi astetik behin egiten ditugu bilerak».

Ferietarako prest

Aurten, lehenbiziko aldiz, ferietan postu bat paratzea erabaki du taldeak. «Dirua lortzeko kanpaina bat egitea ezinbertzekoa dela ikusi dugu, gurasoei ekonomikoki laguntzeko eta ekitaldiak antolatzeko beharrezkoa baita».

«Lortutako dirua suertatzen diren beharren eta ideien arabera erabiliko dugu»

Hainbat produktu egin dituzte eta ferietako eguna «salmentarako aproposa» ikusten dute; «kamisetak, botilak eta bokata eramaileak salduko ditugu. Honez gain, boletoak egin ditugu eta feria eguneko eguerdian eginen dugu zozketa. Lau sari izanen dira: Doneztebeko Belarra Jatetxean bi pertsonendako otordua, Iturengo Herriko ostatuan bi pertsonendako otordua, Donamariako Bentan bi pertsonendako otordua eta Elgorriagako Bainuetxean bi pertsonendako zirkuitu termala eta otordua». Lana aitzinatu dute dagoeneko; «boletoak familien artean banatu ditugu saltzeko, baina goiz horretan ere postuan izanen ditugu».

Lortutako dirua «etorkizunean suertatzen diren beharren eta ideien arabera» erabiliko dute, «eskolak izan ditzakeen beharrak betetzeko».


  
Disfrutatzeko eguna

Lana ez ezik, ongi pasatzeko eguna da feria eguna. Gurasoek «lasaitasunetik» bizi duten eguna da; «umeekin bueltatxo bat eman, bertako produktuak dastatu eta inguruko jendearekin harremanak egiteko aprobetxatzen dugu». Bakoitzak bere modura bizi badu ere, «familiako partaide guztiok disfrutatzen dugun eguna da».

Bi urteren ondotik feriak normaltasunez ospatzeko «gogotsu» daude; «gainera, aurtengoak bereziak izanen dira guretzat, bertan txoko bat izanen dugulako».

Azkenik, taldekideek azpimarratu nahi izan dute elkarteak «ikasle eta familia guztiontzat» egiten duela lan, eta «oraindik Guraso Elkarteko kide ez diren familiak bazkide egitera gonbidatu nahi ditugu. Elkarlanean segituko dugu gure seme-alaben ongizatearen alde».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun