Nola ikusten duzu eskualdean lehenbiziko sektorea?
Toki guztietan bezala, bizirauteko zailtasun handiekin eta aurrera ateratzeko lana erruz egin beharrean. Sektorea zahartzen ari da, gazte gutxi, eta gero eta baserri gehiago erreleborik gabe.
Zein gabezia ikusten dituzu?
Sektore honek beti zailtasunak izan ditu. Azken urteotan, ordea, okerrera egiten ari da. Zailtasun handiena errentagarritasuna eta bizi baldintza duinak lortzea da. Ekoizpen kostuak ikaragarri igo dira, baina guri ordaintzen dizkiguten prezioak ez dira neurri berean igo, herritarra ere ez dagoelako prest elikagaiengatik gehixeago ordaintzeko. Horrek tarterik gabe uzten gaitu eta bizirauteko dirulaguntzetara jo behar derrigor. Aldi berean, egoera oso injustuak sortzen dira, laguntzen banaketa ez baita justizia sozialeko irizpideetan oinarrituta egiten, kudeatzen duzun hektarea eta azienda buruen arabera baizik. Ondorioz, boteretsuenen eskuetan metatzen ari dira bai lurrak, bai laguntzak. Herri lurretako hektarea banaketak egiterakoan udal gehienetan ere ez da justizia soziala lantzen. Adibidez, ez dute bereizten nekazaritza bizibide duena edo afizioz bigarren lanbidetzat duena. Horrela jende gaztea erakartzea zaila da, atzetik oinarri sendorik ez bada. Hutsetik hasi nahi duenak, berriz, ia ezinezkoa du.
«Lehen sektorean dihardugunon diru sarrerak eta baldintzak irakaskuntzakoen edo osasungintzakoen pareko bilakatuz, ikusiko zenuke zenbat jende izanen genukeen nekazari izateko prest»
Zein dira indarguneak?
Indargune nagusia gure lanbidea herri baten burujabetzarako eta biziraupenerako estrategikoa dela da, herritarrentzat elikagaiak ekoitzi eta lurraldea kudeatzen dugulako. Baina horrela ez balitz bezala tratatua da sarri. Merkatuko logiketatik atera eta osasungintzak eta hezkuntzak duen trataera izan behar luke elikagai ekoizpenak. Elikagai osasuntsua herritarrentzat eskubide unibertsal bihurtuz eta horretan dihardugunon diru sarrera eta baldintzak irakaskuntzakoen eta osasungintzakoen pareko bilakatuz, ikusiko zenuke zenbat jende izanen genukeen nekazari izateko prest.
«Argi gorriak aspalditik ari dira pizten. Baina ez da neurririk erabakirik hartzen»
Herritarrak kontzientziatzeko beharra sumatzen duzu?
Herritarrak eta politikariak, guztiak kontzientziatu behar dira. Azken horiek gaiarekiko ezagutza eskasa erakusten dute maiz. Elikaduraren gaia guztion ardura da, ez nekazariona bakarrik. Une korapilotsua bizi dugu, agroindustria eta diru funtsak ari direlako nagusitzen lehen sektorean, bereziki erdialdean eta Erriberan, nekazari ttiki eta ertainen kalterako. Bi eredu horien arteko talka horretan epe luzera egiturazko aldaketak egin ezean, bada arriskua sektorerik gabe gelditzeko, baita hemen ere. Herri bezala erabaki bat hartu beharra daukagu. Nork elikatzea nahi dugu? Gure baserrietako nekazariek edo industriak janari industrialarekin eta elikagai sintetikoekin? Guztiok ohartu behar dugu egoeraren larritasunaz. Argi gorriak aspalditik ari dira pizten. Baina ez da neurriko erabakirik hartzen.
Inguruan nolako kontsumo ohiturak ikusten dituzu?
Bada denetarik. Bada kontzientziagatik edo kultura gastronomikoagatik gure elikagaien aldeko apustua egiten duena. Baina bada, eta gero eta gehiago, bereziki gazteen artean, janari industrialera erraz jotzen duena, normalean prezio apalen bila. Kozinatzeko eta jateko ohiturak ere aldatzen ari dira. Esaterako, oilasko eta zerriki industriala erruz jaten da eta bertako axuria oso gutxi eta txekorkia ere gero eta gutxiago. Jateko kontuetan gero eta kontraesan gehiago antzematen ditut; gauza bat esan eta beste bat egin. Eta aldi berean, nahasmen handia, elikagaien industriak nahita sustatutakoa.
Zein iritzi duzu Mendialdean lehenbiziko sektorea indartzeko eta tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko egiten ari zareten lanari buruz?
Gutxienez, balio izaten ari da elikadura katea ertz asko dituen gai sistemiko bat dela ohartzeko, egoeraren larritasunaz kontzientziatzeko eta aldaketa sakonak egiteko aktore askoren inplikazioa behar dela jabetzeko: nekazariak, eraldatzaileak, kontsumitzaileak, komertzioak eta ostalaritza, udalak, gobernuak, eskolak... Mendialdeko Elikadura Mahaia bezalako tresna bat edukitzeak ikuspegi sistemikoa lantzeko aukera ematen du. Emaitzak, hala ere, ez daude gure esku bakarrik, eskualdea Nafarroa osoan hartzen diren erabakiei lotua dagoelako. Hala, Nafarroa mailan tokiko elikadura sistema iraunkorra lantzeko eta eredu jasangarri batera trantsizioa egiteko ezinbestekoa ikusten dut plan estrategiko bat diseinatzea, politika publiko koherenteak egitea, sektorea egituratzea eta gaia begirada horretatik landuko duen eragile bat edukitzea.
«Iraultza etxetik egiten hasi behar dugu, janari industriala boikotatu eta Euskal Herrian modu jasangarrian ekoizten diren elikagaien aldeko apustua eginez»
Zein mezu luzatuko zenieke herritarrei?
Jateko kontuekin modu arduratsuan eta aktiboan jokatzeko. Batetik, iraultza etxetik egiten hasiz, janari industriala boikotatu eta Euskal Herrian modu jasangarrian ekoizten diren elikagaien aldeko apustua eginez, nekazarioi prezio justua ordainduz. Bestetik, administrazioak presionatuz, baserri txikietan eta ertainetan oinarritutako tokiko elikadura sistema burujabearen eta jasangarriaren aldeko politika ausartak egin ditzaten behingoagatik, agroindustriari eta azalera handiei mugak eta oztopoak jarriz.