Mendialdea elikadura

Lehen sektorea indartzeko eta tokiko elikadura sistema bultzatzeko lanean ari dira Mendialdean

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 24a, 08:00

Ekainaren 3an Goizuetan egin zuten Mendialdeako Azoka Ibiltaria. Argazkia: Felix Loiarte.

Lehen sektorea indartzeko eta tokiko elikadura sistema bultzatzeko, proiektu andana jarri dituzte martxan azken lau urteotan Mendialdean. Jakitun dira egoera ez dela erraza, baina elkarlanean aurrera segitu nahi dute.

Nekazaritza, abeltzaintza eta artzaintza gainbeheran zihoazela ikusteak piztu zien alarma, eta horri erantzun nahian hasi ziren lanean. Arano, Goizueta, Areso, Leitza, Araitz, Larraun, Lekunberri, Imotz, Basaburua eta Atetzeko udalek elkar hartu eta hitzarmena sinatu zuten Cederna Garalur Elkartearekin. Elikadura dinamizatzaile teknikaria kontratatzea izan zen hurrengo pausoa eta hala hasi ziren Mendialdeko elikadura proiektuarekin.

2019an izan zen hori, eta geroztik lehen sektorea indartzeko eta tokiko elikadura sistema bultzatzeko ate asko ireki dituzte. Lau urteko elkarlana bere fruituak ematen ari da, baina oraindik ere zer egina badela ikusita, lanean segitzen dute. 

Abiapuntua diagnostikoa

Orduko elikadura dinamizatzailea lanean hasita, 2019an,  lehen sektorearen hurbilpen bat egiteko diagnostiko parte hartzaile bat egin zuten.  Hainbat ondorio atera zituzten: «Lehen sektorea gehienek  beste lan baten osagarri dutela; lurraldea bera desberdina dela. Hau da, Goizueta, Arano, Leitza eta Areso menditsuagoak direla, eta arrazoi politikoengatik eta historikoengatik, abeltzaintza eredu estentsiboan gehiago garatu dutela. Aldiz, Larraunen, Basaburuan, Imotzen eta Atetzen paisaia beste bat dela, eta hor intentsiboagoa den abeltzaintza ere garatu dutela; eskualde osoan ardi azienda dela nagusi eta ondoren behi aziendak eta zaldiak; nekazaritza, adibidez baratzezaintza, gehienek etxerako egiten dutela; belaunaldi errelebo txikia dagoela eta zahartutako sektorean gazte gutxi dagoela;  gehienbat gizonezkoen sektorea dela...». Halaxe zerrendatu du diagnostikoak azaleratutakoa Amaiur Unzueta gaur egungo elikadura dinamizatzaileak. Urte hartan beste urrats bat ere egin zuten: «Leitza eta Aresoko nekazariekin baserritarren elkarteak eduki beharko lituzkeen irizpideak lantzen hasi ziren».  

«Nahiz eta udalerri bakoitzak bere berezitasunak dituen, orokorrean, beharrak antzekoak dira»

Hitzetatik ekintzetara

2020an hasi zen Unzueta dinamizatzaile, eta diagnostikoak utzitako informaziotik abiatuta, hamar udalerrietan prozesu parte hartzaile bat martxan jarri zuen. «Nahiz eta udalerri bakoitzak bere berezitasunak dituen, orokorrean, beharrak antzekoak direla identifikatu genuen, eta garbi gelditu zen ekintzak hala izan behar zutela». Horren emaitzak izan ziren, besteak beste, baserritarren elkartea, azoka ibiltariak eta Mendialdeko Elikadura Mahaia. 

Amaiur Unzueta Zorrozua 2020tik Mendialdeko elikadura dinamizatzailea da.

Habelarte

Bi urteko prozesuaren ondotik, 2021ean aurkeztu zuten Habelarte Mendialdeko baserritar agroekologikoen elkartea. Arano, Goizueta, Leitza, Areso, Araitz-Betelu, Larraun-Lekunberri eta Basaburua-Imotz-Atezko 28 ekoizle bildu ziren.   

Mendialdeko Azoka Ibiltariak

Azoka ibiltariak, berriz, «salmenta zuzena bultzatzeko eta eskualdeko nekazariak eta artisauak ezagutarazteko eta egiten dutenari balioa emateko» antolatu zituzten. Laugarren denboraldia hasi dute aurten, egutegian ongi finkatu diren seinale: «Pandemia garaian errazagoa zen jendea azoketara hurbiltzea, jendea gehiago gelditzen zen gure herrietan. Gaur egun, gehiago mugitzen da, baina azoketara etortzen dena erostera etortzen da eta hori garrantzitsua da. Ongi funtzionatzen dute». 

«Azoka ibiltariek ongi funtzionatzen dute»

Herriko eta eskualdeko artisauei eta elikagai ekoizleei ematen diete lehentasuna azoka ibiltarietan, baina eskualdetik kanpokoak ere gonbidatzen dituzte: «Dibertsifikazioa ere nahi dugu, eta gure orografiagatik, klimagatik edota beste arrazoiengatik gure eremuan ekoizten ez diren produktuekin ari direnak ere gonbidatzen ditugu, Nafarroakoak lehenetsiz».

Bederatzi azokek osatuko dute aurtengo denboraldia. Apirilaren 16an Arriben (Araitz) egin zuten, maiatzaren 14an Arruitzen (Larraun), ekainaren 3an Goizuetan eta hemendik aurrerakoak ekainaren 25ean Lekunberrin, uztailaren 2an Latasan (Imotz), uztailaren 30ean Jauntsaratsen (Basaburua), irailaren 10ean Leitzan eta 24an Areson eta urriaren 8an Beuntzan (Atetz) izanen dira. 

Aurten, gainera, pauso bat haratago joanez, bestelako hitzorduekin lotu dituzte azoka ibiltariak, «azokak bultzatzeko, jendea animatzeko». Hala, Arriben egindako azoka ibiltarian Emakume Artzainen Eguna egin zuten, Arruitzen Latxa arrazako ahari genomikoen enkantea, Goizuetan Txondor Eguna... Irailaren 10ean Leitzan eginen duten azoka ibiltariak, adibidez, Talo Egunarekin kointzidituko du. 

Bestalde, inguruko merkatariekin eta ostalariekin ere gaia mahai gainean jarri izan dute: «Eskualdeko merkataritza eta ostalariekin saretzen hasteko, eta bertako produktuekiko duten interesa eta harrera jakiteko galdetegi bat egin genuen». Hala ikusi zuten «gutxi batzuek bistaratzen dituztela bertako produktuak, eta prest izanen liratekeela bertako edota eskualdeko produktu gehiago eskaintzeko, baina prezio-kalitatea dela baldintza».   

Mendialdeko Elikadura Mahaia 

Bide beretik, gobernantzaren alorrean neurriak hartzeko, 2021ean Mendialdeko Elikadura Mahaia sortu zuten udalek, Habelartek, Leitzeko Kontsumo Taldeak eta Cederna Garalur elkarteak, besteak beste, Plazaola Turismo Partzuergoarekin eta mankomunitateekin elkarlanean. Mahaiak «tokiko elikadura sistemaren barnean, lurren kudeaketa –herri lurren kudeaketa–, elikagaien ekoizpena, eraldaketa, banaketa eta promozioa, bide laburreko salmenta, kontsumo ohitura eta sentsibilizazioa...» hartu zituen esku artean eta hala segitzen du gaur egun ere, hilabetero bilduz. 

Hain zuzen, elikadura mahaitik sortutako ekintzetako bat formazioak izan dira. Hasteko, «Mendialdean potentziala duten fruta arboletan» jarri dute arreta eta «ekoizpena, eraldaketa eta komertzializazioa lantzen» ari dira: «Kulturalki, gaztainondoak edo sagarrondoak nahiko errotuta daude, baina jendeak tokiko ekonomiarako bitartekoak ere izan daitezkeela ikustea nahi dugu». Hala, joan den urtean sagarrondoei buruzko formazioa egin zuten eta «arrakastatsua» izan omen zen. Aurten, berriz, gaztainondoak dituzte hizpide, eta fruta gorriekin ere hasiak dira. «Beste formazioak eskaeraren araberakoak izaten dira. Berriki artilearen inguruko saio bat izan dugu. Bere garaian irteera ekonomikoa izaten zuen, eta gaur egun hondakintzat hartua da. Berriz bere garrantzia azpimarratu nahi dugu, badira adibideak».

Formazioez gain, Landa Nafarroa Lotu: Tokiko produktuaren eskaintza eta eskaera proiektu pilotuan sartu dira Mendialdekoak. Kasu honetan, «ekoizleen eta saltokien logistika sarearen azterketa eginen da».  Eta eskualdearen Aktibazio Ekonomikorako Plan Estrategikoan ere elikadura osasungarria eta jasangarria garatzea lehentasuntzat zehaztu dute.

Mimukai 

Mimukai garapen zentroa ere ez du ahaztu Unzuetak. «Leitzan dago, baina eskualde mailako proiektua da, tokiko ekonomia eskualdeko ikuspegiarekin garatzeko jaioa». Aurreneko fasean hainbat erabileratarako bulegoak egokitu dituzte eta dinamizatzaile bat kontratatu. Bigarren fasean, elikagaien transformaziorako gunea irekitzekoa zuten, baina «oraingoz, gelditua» omen dago, «baina ez baztertua. Ikusiko dugu zer gertatzen den».

Sentsibilizazioa

Gaiaren inguruko kontzientziazioa lantzen ere ari dira Mendialdean, eta besteak beste, haur eskoletara, eskoletara eta institutuetara jo dute. «Gurean dauden ikastetxeetan jangelak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren  menpe daude eta, momentu honetan, ez dugu eskumenik ikastetxeetan zer jan erabakitzeko. Hortaz, sentsibilizazio lana egiten ari gara, Mendialdeko ekoizleak, artisauak eta baliabideak ezagutarazteko. Zehazki, ikasleei bisitak egiteko prest dauden nekazarien eta artisauen berri emanez dokumentu bat prestatu eta zabaldu dugu». Urtero egitekoa dute.

Ekologikoa eta iraunkorra

Bateko eta besteko ateak joz,  «kalitatezko elikagai eta lurraldeari lotutako produktuen ekoizpena eta kontsumoa bultzatu nahian» segitu nahi dute, «nekazaritza iraunkorra eta ekologikoa bultzatuz». Hori baita Unzuetaren ustez bidea: Alde batetik, ekologikoa, «horrek jatekoa osasungarriagoa dela eta ingurumenarekin bateragarria dela bermatzen duelako. Nahiz eta agroindustria nagusitu eta sistemak horretara bideratu, gero eta gehiago dira ekologikoan ari direnak». Eta bestetik, iraunkorra: «Garraioa eta industria CO2aren isurketen erantzule handienetarikoak direlako eta egunerokoan kontsumitzen ditugun elikagaiak edukitzeko egiten dituzten kilometroak gutxitu behar direlako. Gure elikagaien ekoizpena bertaratu behar dugu». 

«Nahiz eta agroindustria nagusitu eta sistemak horretara bideratu, gero eta gehiago dira ekologikoan ari direnak»

Kontuan hartzeko beste alderdi bat ere aipatu du: «gurean, haragiari dagokionez, noizbehinka jateko diren aratxekia, txerrikia, saltxitxoiak, txorizo ekologikoa eta arkume haragia ekoizten dute; ardi esnea eta horrekin egindako gaztak eta jogurtak, ahuntz gaztak, arrautzak, babarrunak... Argi dago inguruan egunerokoan behar ditugun elikagaietako batzuk ekoizten direla eta oraingoz, Mendialdeko biztanleriaren elikagai gehienak eskualdetik kanpo datozenak direla, bai Nafarroatik, baina baita haratagotik ere». Bere ustez, «elikadura sistemaz hitz egiteak zuzenean gure eskualdeko eskalatik haratago garamatza, eskala globalera, alegia».

Erronka

Lehen sektorean duin bizitzea «erronka haundia» dela ere onartu du dinamizatzaileak: «Nola erakarriko duzu jendea askotan esan baldin bada, baita familietan ere, lehen sektorera ez dedikatzeko? Ez duela ematen eta ikasteko esaten bada? Alde batetik, arrazoia izan dezakete, politikak horretara bideratu direlako. Baina bestetik, txipa aldatu behar dugu. Argi dago orain arte bezala ezin dela funtzionatu eta beste ekuazio batzuk bilatu behar direla bideragarri izateko». Bide horretan, «ustiategiak partekatzeko» aukera jarri du mahai gainean: «Orain arte ustiategiak lagun bakarraren esku izan dira. Baina akaso proiektuan bizpahiru lagunek parte har dezaketela pentsatu behar genuke, eta aldi berean beste lanen bat eduki». Horrekin batera, «azpiegiturak alokatzearen aukera ere proposatzen ahal da».

«Baserritarrak behar ditugu»

«Tokiko ekonomia bultzatzen eta horretarako gure lurraldeak duen potentzialtasunarekin lanean segituko dugu»

Hortik aparte, «ardura guztiona» dela nabarmendu du; «nekazariena, administrazioarena, saltokiena, kontsumitzaileena...». Eta baserritarren garrantziaz ere aritu da: «Baserritarrak behar ditugu. Luze gabe, asko eta asko erretiratuko dira. Gure paisaiak ez daude horrela besterik gabe, urteetan egin diren lanen edo izan den bizimoduaren ondorio dira». 

Badaki etorkizuna «ez dela erraza», baina ez daude etsitzeko: «Mendialdean bada borondate politikoa eta nekazarien aldetik borrokatzeko eta lanerako gogoa» sumatzen du. Hortaz, «tokiko ekonomia bultzatzen eta horretarako gure lurraldeak duen potentzialtasunarekin lanean segituko dugu; bai ekoizpen estentsiboa eta ekologia bultzatuz, bai dibertsifikatua den ekonomia bultzatuz, hau da, formazioak eta azokak eginez, bai baliabideak eta sareak aprobetxatuz eta sortuz... Orain arteko lanketa guztia herritarrei eta borondate politikoari esker egin da, eta beraz, oraindik ez dugu galdu». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun