Mendialdea elikadura

«Elikadura sistema propioa lortzeko oinarriak finkatu ditugu»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 24a, 09:00

Unai MIRANDA BERROETA, Goizuetako alkatea

Mendialdeko Elikadura Mahaiko ordezkarietako bat da Unai Miranda Berroeta Goizuetako alkatea. Orain arte egin duten bideaz aritu da TTIPI-TTAPArekin, eta horrekin batera, bere ustez, eskualdearentzat egokiena izanen den elikadura sistema lortzeko, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko elkarlana beharrezkoa dela aipatu du. 

Zer diozu eskualdeko elikadura sistemaren harira? 

Oraingoz, eskualdean ez dugu beste eskualdeetatik bereizitako elikadura sistema jakin bat.

Zein dira sumatzen dituzun hutsune haundienak? 

Hainbat egoera daude. Alde batetik, eskualdeko ekoizle batzuek kanpoko enpresei saldu izan diete beraien produkzio guztia; beste batzuk erregulatu gabeko merkatu batean funtzionatu izan dute; eta beste batzuen kasuan, nekazaritza edo abeltzaintza lan osagarria izan da. Kontsumitzaileen aldetik, aldiz, salbuespen batzuk kenduta, oro har, ez gara kezkatu kontsumitzen ditugun produktuen jatorriaz eta berau sortzeko prozesuaz. 

Lehen sektorea eta tokiko elikadura sistema indartzeko apustua egin duzue Mendialdean. Nolakoa izaten ari da elkarlana?

Eskualdeko udal batzuk apustua egin genuen Cederna Garalurren eskutik lehen sektorea dinamizatzeko teknikari bat kontratatzeko. Geroztik ekoizle batzuk bildu dituen Habelarte elkartea sortu da; Mendialdeko Azoka Ibiltariak bultzatu ditugu; eskualdeko elikadura mahaia eratu dugu eragile guztiok egiten dugun lana bideratzeko asmoz, eta Mendialdeako Aktibazio Sozioekonomikoan elikadura osasuntsua sektore estrategikoetako bat da. Esanen nuke eskualdeko elikadura sistema propioa lortzeko beharrezkoak diren oinarriak finkatu ditugula. 

«Gure ohituretan aldaketa bat suposatzen duten gauza guztietan da beharrezkoa kontzientziazioa»

Herritarrek badute kontzientziatzeko beharra? 

Gure ohituretan aldaketa bat suposatzen duten gauza guztietan da beharrezkoa kontzientziazioa. Eta arlo horretan denok aldatu behar dugu, nekazariek, abeltzainek edo artzainek, merkatariek eta ostalariek, eta noski, baita kontsumitzaileok ere.  

Nolako elikadura sistema duzue begiz joa?

Ahal den neurrian bertakoa, sasoikoa eta ekologikoa den produktua kontsumitzen duen sistema bat izanen litzateke egokia. Dena den, garbi dugu, elikadura sistema bat edo beste aukeratzeko funtsezkoak direla ekoizleak eta kontsumitzaileak, eta beraien eskutik elkarlanean landu beharko dugu eskualdearentzat egokiena izanen den elikadura sistema. 

«Gure eskualdean baditugu ekoizleak, beharrezkoa den lurra, eta potentzialitatea elikadura alorrean ere neurri batean burujabeak izateko»

Zer esanen zenieke herritarrei?

Gure eskualdean baditugula ekoizleak, beharrezkoa den lurra, eta potentzialitatea elikadura alorrean ere neurri batean burujabeak izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun