Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022

Dena prest igandean jokatuko duten Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 15a, 12:00

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak Nafarroa Arenako atean.Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa.

Dena prest da igandean Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den final handirako. Aspaldi saldu ziren finalerako sarrera guztiak —13.000 baino gehiago—, eta zortzi bertsolariak ere prest dira eguna bertsoz betetzeko. 55 urteren ondotik nafar batek kantatuko du finalean: Joanes Illarregi leitzarrak. Azken urteetan Saran bizi den Amets Arzallus hendaiarra ere finalean izanen da. 

Zortzi  bertsolari ariko dira kantuan igandean Iruñean; zuzenean sailkatutako Maialen Lujanbio Zugasti, eta puntuazioaren arabera sailkatutako Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Arandia, Joanes Illarregi Marzol, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria.

Gai emaile lanetan, aldiz, Aritz Bidegain Aire, Ion Zaldua Brit, Alaitz Rekondo Ferrero lesakarra eta Idoia Anzorandia Kareaga ariko dira. Finalean, lehenengoz, gainera, zazpi epaile beharrean bederatzi epaile ariko dira bertsolarien jarduna epaitzen. 

Joanes Illarregi lehenengoz finalean

Arrasaten, Elizondon eta Bilbon kantatu ondotik lortu du finalerako sailkatzea Joanes Illarregi leitzarrak. Marka egin du gainera, parte hartu duen lehen txapelketan lortu baitu finalera sailkatzea.

Txapelketa hasi berritan, txapelketarako zuen helburua «gozatzea» zela kontatu zion TTIPI-TTAPAri: «Helburua gozatzea da, bertsotan gustura eta ongi egitea. Eta hortik aurrera, zertan gezurrik esan, ahal den urrutien ailegatzea ere bai». Erran eta egin, urrutira ailegatu baita leitzarra. 

Arrasateko lehen faseko saioan garaipena lortuta, zuzenean sailkatu zen Elizondoko finalaurrekorako. Elizondon ere saio ederra osatu zuen, eta puntuazio altuarekin ailegatu zen Bilboko bigarren faseko saiora. Gehiago sufritzea egokitu zitzaion bertan, baina, azkenean, hurrengo sailkatuari bi puntuko  eta erdiko aldea aterara lortu du finalean egotea leitzarrak. 

Finala aurkezteko prentsaurrekoan, txapelketak denetarik izan duela kontatu zuen Illarregik asteartean: «Gozatzeko momentuak izan dira, baina baita izerdi tantak kopetatik botatzekoak ere». 

Amets Arzallus ere finalean

Seigarren Bertsolari Txapelketa Nagusia du Saran bizi den Amets Arzallus Antia hendaiarrak, eta bosgarren finala. 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen, eta txapeldunorde izan zen 2009an. Gainerakoan, lau aldiz irabazia du Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta beste horrenbestetan, Xilaba txapelketa.

Iñaki Murua, txapel-emaile

Aurten Iñaki Murua Jauregik jantziko dio txapela irabazleari. Bertsolaria ez ezik, bertsolaritza mugimenduko eragile handia izan da Murua, Gabiria bere herrian zein Euskal Herri osoan. 2005etik 2018ra Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen.

Muruarekin batera, gainera, sari emaile gehiago ere izanen dira finalean bertsolaritza, kulturgintza, euskalgintza eta nazioarteko sarea ordezkatuz. Bakoitzak euskal artista banaren artelanak banatuko dizkie finalistei.

Egitaraua

Egun osoko jarduna izanen dute bertsotan.  09:00etan irekiko dituzte ateak, eta goizeko 11:00etan hasiko da goizeko saioa. Hamabost bertso puntuagarri kantatu beharko ditu bertsolari bakoitzak goizean:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
  • Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Arratsaldeko saioari dagokionez, ateen irekiera 16:00etan izanen da, eta saioa ordubete beranduago hasiko da: 17:00etan. Arratsaldeko saioak bi zati izanen ditu. Lehen zatian hamar bertso puntuagarri kantatu beharko dituzte:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, puntutan, zortzi bertso osatu arte.
  • Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinuan eta neurrian.

Ondotik, puntuazio altuena duten bi bertsolariek buruz burukoa kantatu beharko dute. Hor ere hamar bertso puntuagarri kantatu beharko dituzte:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso Iparragirre abila dela doinuan.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Ganbarakoan, banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian, eta, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Ondotik, jakinen da zein bertsolari izanen den 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna. 

Nafarroa Arenara sartzeko bete beharreko jarraibideak, eta autobusen eta aparkalekuen inguruko ohar guztiak hemen aurkitu daitezke. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun