«Txapelketaren aurreko asteak nahiko lasai pasatzen ari naiz». Halaxe kontatu du nola bizitzen ari den Joanes Illarregi leitzako bertsolaria txapelketa aitzineko azken egunak. «Beste txapelketa batzuetan, Nafarroakoan eta kantatu izan dudanean denbora bat lehenagotik presenteago izan dut bazetorrela». Kasu honetan, ordea, ez da hala izan: «Orain arte txapelketa oso urruti balego bezala ikusi izan dut, eta ohartzerako etorri da. Ez nau sorpresaz harrapatzen, baina, bai, behar baino gehiago estutu gabe behintzat».
Lehenengo Txapelketa Nagusia da leitzarrarentzat, hargatik, bertze txapelketa guztiak prestatzen dituen bezala prestatzen ari dela dio: «Bertso eskolara joan eta bertsoak kantatuz, magia askorik ez dago». Hala ere, onartu du lehia ez dagoen garaietan baino maiztasun gehiagorekin joaten dela bertso eskolara eta «beste enfoke batetik gaiak planteatzeko eta ikuspuntuak aukeratzeko orduan» ere.
Fase batera edo bertzera pasa bere eskuetan soilik ez dagoela uste du Illarregik: «Faktore asko sartzen dira jokoan: zer egun duzun, zer plaza mota dagoen, epaileak, gaiak... eta denak ez daude gure esku». Horren guztiaren gainetik, «txapelketara joan eta non nagoen kontziente izanda nahi dudan tokitik kantatzea nahiko nuke, ahal baldin bada emaitzari askorik begiratu gabe».
Hala ere argi du zein den bere helburua: «Helburua gozatzea da, bertsotan gustura eta ongi egitea. Eta hortik aurrera, zertan gezurrik esan, ahal den urrutien ailegatzea ere bai».