Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022

«Aldaketa edo berritu bat ekarriko du aurtengo Txapelketa Nagusiak»

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 24a, 12:00

2013ko txapelduna, eta azken bortz txapelketetako finalista da Hendaian jaio, baina, azken urteetan Saran bizi den Amets Arzallus bertsolaria. Finalaurrekoetan hasiko da kantuan, zehazki urriaren 29an Donibane Garazin jokatuko den saioan. 

«Txapelketarako ahal bezain ondoen prestatu nahi dut, ahal bezain libreen iristeko». Halaxe kontatu ditu Amets Arzallus Saran bizi den bertsolariak lehia aitzineko sentsazioak.  Seigarren Txapelketa Nagusia du, eta azkeneko bortzetan kantatu du finalean. 

Aurtengoa, bertze txapelketa batzuk bezala prestatzen ari dela azaldu du: «Hilabete batzuk lehenago hasten zaizu buruan kezka sortzen, eta gero saiatzen naiz kezka hori etxeko lan batera eramaten. Plazan zabiltzanean inertzia asko pilatzen dituzu, eta inertzia horiek salbatzen eta laguntzen zaituzte. Baina beste batzuetan berritu beharra izaten duzu: esakera aldetik, errima aldetik, enfoke aldetik… Saiatzen ari naiz nire burua errebisatzen eta birziklatzen». 

Lehiari dagokionez¡, helburutzat ezarri du finalera iristea: «Oso egun berezia da, eta merezi du benetan ahalegintzea iristeko». Horra iristeko «bideari» ematen dio garrantzia, ordea: «Finalerako bidean nahi nuke nire burua bilatu eta zerbait utzi».

Aldaketen txapelketa izanen dela uste du:«Aldaketa edo berritu bat markatuko du. Belaunaldi aldaketaz harago, bertzelako aldaketen sasoia ere badela dio: «Mamian, enfokean, tematikan badago aldaketa orokor bat, ez generoari lotuta bakarrik. Euskal Herria beste aro batean dago, eta hori erakutsiko da». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun