Mugako zortzi pasabideek hetsiak segitzen dutela salatu dute EH Baik eta EH Bilduk

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 4a, 15:00
Otsailaren 14an Lizarietako lepoan pasabideen itxiera salatzeko egindako elkarretaratzea.

«Terrorismoaren aurkako borroka indartzeko» ilbeltzaren 14an hetsi zuten Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko pasabidea zortzi lekutan, tartean Lizuniagako lepoa, Lizarietako lepoa, Berruet bentako pasabidea eta Izpegiko lepoa. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak otsail bukaera baino lehen ez zutela irekiko adierazi zuen.  Martxoan sartuta ere, ez dituzte ireki eta EH Bai eta EH Bilduk «erabakia indarrean noiz arte egonen den» galdetu dute.

Mugako zortzi pasabideak itxi eta handik egun batzuetara, «2020ko urte bukaeraz geroztik atentatuen arriskua handia dela» erran zuen Spitzek, «zaintza indartu» dutela,  eta «ez dugu aurreikusten otsail bukaera baino lehen irekitzea». 

Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen itsasoko nabetak, Hendaiako merkantzia zubiak, Lizuniagako lepoak (Sara-Bera), Lizarietako lepoak (Sara-Etxalar), Berruet bentako pasabideak (Sara-Zugarramurdi), Izpegiko lepoak (Erratzu-Baigorri), Aldudeko ibarrekoak eta Iturzaetako lepoak (Larraine-Abodi) dira hetsita dauden pasabideak eta tarte horretan hainbat izan dira irekitzeko eskatuz egindako elkarretaratzeak eta adierazpenak. EH Baik eta EH Bilduk ere aunitzetan eskatu dute irekitzeko, eta aste honetan, martxoan sartuta, pasabideak hetsiak segitzen dutela ikusita, berriz galdetu dute «erabakia indarrean noiz arte egonen den».

Erabakia «lehen momentutik onartezintzat» jo dutela nabarmendu dute aste honetan zabaldu dute oharrean, «nazio eta herri bezala bizitzeko eskubidea urratu zigutelako». Terrorismoaren aurkako borroka indartzeko argudioa «aitzakia» dela diote. Gaineratu dutenez, «dekretua otsail bukaera arte indarrean egonen zela adierazi ziguten. Martxoko lehen egun honetan, delako muga bide horiek noiz arte itxiak egonen diren ez dakigu». Horren harira, «noiz arte ukatuko diguzue gure herrian libreki ibiltzeko eskubidea?» galdegin dute. Gehiago ere bai: «Noiz arte  neurriz kanpoko presentzia poliziala eta giro sekuritario hau?»

EH Bai eta EH Bilduren hitzetan, «terrorismoari aurre egiteko neurriak hartzen direla erratean, orain arte indarrean jarriak izan diren eta euskal militante politikoak gogorki kolpatzeko erabili dituzten neurriak heldu zaizkigu gogora. Azkena, separatismoaren aurkako legea». Neurrien gibelean, «manipulazio politiko hutsa bertzerik ez dagoela» uste dute.

Hala, «Euskal Herrian mugarik ez dagoela berretsi» nahi izan dute eta «Frantziako eta Espainiako estatuei gure herrian libreki bizitzeko eta ibiltzeko dugun eskubidea errespetatzeko» exijitu diete: «Ez dugu onartzen Euskal Herritik kanpo hartuak diren erabakiak inposatzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun