Otsailaren 23an hasi zuten Arantzan bertako euskarari balioa emateko sortutako Astaluntan lehiaketa, eta joan ortziralean borobildu zuten. Tarte horretan, galdemodu batzuk zabaldu zituen Uskarantzak, eta galdera guziak zuzen eta bere egunean asmatzen zituztenen artean zozketak egin zituen, baita parte hartzaile guzien artean ere. Konparazio batera, lehenbiziko asteko sarituak Lucia Iparragirre Taberna eta Eider Martiarena Urruzola izan ziren; bigarren astekoak Ixabel Danboriena Danboriena eta Encarna Indakoetxea Maiz, hirugarren astekoak Belen Mutuberria Iturria eta Irune Taberna Bergara eta laugarren astekoak Maite Lujanbio Etxarri eta Maider Etxague Goia.
Borzgarren eta azken asteko sariak, berriz, atzo banatu zituzten. Azken txanda horretan, 163 lagunek parte hartu zuten, eta horietatik 43 lagunek galdemodu guziak zuzen eta bere egunean asmatu zituzten. Horien artean zozketa eginda, Itziar Mitxelena Gamio izan zen saritua, eta parte hartzaile guzien artean egindako zozketako saritua, berriz, Pili Telletxea Lastiri. Loreak hartu zituzten opari.
Horietaz aparte, eskolako borzgarren eta seigarren mailako eta DBHko ikasleak ere astero Astaluntan lehiaketan jostetan aritu dira eta horiek ere euren saria hartu dute: Arantzan zer? Uskaraz leher! kamisetak.
Uskarantza taldeak lehenbiziko aldiz antolatu du Astaluntan lehiaketa, eta kontent gelditu da erantzunarekin. «Hagitz ederra izan da ostatura, karrikara edo dendara joan eta Arantzako euskarari buruz eta euskaraz jendea solasean aditzea. 175 aranztar aritu gara galdemoduak kontestatzeko aitzakian bata bertzearekin solasak, erranak eta jakintza aunitz partekatzen». Honela gaineratu du: «Inportanteena ez da izan galdemoduak ongi edo gaizki kontestatzea, galdemodu horien aitzakian elkarrizketak sortzea inportanteagoa izan da». Uskarantzako kideek parte hartzaile guziei «eskerrak» eman nahi izan dizkiete.