Astaluntan lehiaketako hirugarren asteko sarituak Belen Mutuberria eta Irune Taberna izan dira

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 16a

Belen Mutuberriak eta Irune Tabernak atzo hartu zuten Astaluntan lehiaketako saria.

Astetik astera indartzen ari da Uskarantza Arantzako Euskara Taldeak antolatutako Astaluntan lehiaketa. Atzo, hirugarren txandako sariak banatu zituzten. 

Otsailaren 23an hasi zuten herriko euskarari balioa emateko intentzioarekin, Arantzan antolatu duten Astaluntan lehiaketa, astetik astera gero eta parte hartzaile gehiago dira: lehenbiziko txandan, 153 aranztarrek parte hartu zuten; bigarrenean, 157 lagun animatu ziren eta joan den astean, hirugarren astean, 161 lagun. 

Astero-astero, galdera guziak zuzen eta bere egunean asmatzen dituztenen artean zozketa egiten dute saria banatzeko, baita parte hartzaile guzien artean ere. Lehenbiziko asteko sarituak Lucia Iparragirre Taberna eta Eider Martiarena Urruzola izan ziren, eta bigarren astekoak, berriz, Ixabel Danboriena Danboriena eta Encarna Indakoetxea Maiz.

Hirugarren asteko sariak, berriz, atzo banatu zituzten. Azken txanda horretan, 161 lagunek parte hartu eta zazpi lagunek galdemodu guziak zuzen eta bere egunean asmatu zituzten. Horien artean zozketa eginda, Belen Mutuberria Iturria izan zen saritua, eta parte hartzaile guzien artean egindako zozketako saritua, berriz, Irune Taberna Bergara. Arantzako Mendi Itzulian parte hartzeko aukera emanen dien opari txartela hartu zuten opari. 

Martxoaren 27ra segida izanen du Astaluntan lehiaketak. Astelehenetik ortziralera, galdemodu batzuk egiten ditu Uskarantzak eta aste hondarrean sariak banatu. Aranztarren batek oraindik parte hartu nahi badu 642 01 27 94 zenbakira edo uskarantza@gmail.com helbidera eskribitzen ahal du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun