Astaluntan lehiaketako lehenbiziko sariak banatu ditu Uskarantza taldeak

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 2a

Lucia Iparragirre eta Eider Martiarena dira Astaluntan lehiaketako lehenbiziko asteko sarituak.

Bigarren astean sartu da herriko euskarari balioa emateko intentzioarekin, Arantzan antolatu duten Astaluntan lehiaketa. Atzo, berriz, lehenbiziko asteko sari banaketa egin zuten. 

Uskarantza Arantzako euskara taldeak joan den otsailaren 23an eman zion Astaluntan lehiaketari hasiera. Ortziralera bitarte, galdemodu batzuk zabaldu zituen herritarren artean, eta atzo galdera guziak ongi eta egunean erantzun zituzten bederatzi herritarren eta parte hartu zuten 153 lagunen artean zozketak egin zituen. Galdemodu guziak ongi erantzun zituztenen artean, Lucia Iparragirre Taberna izan zen saritua. Parte hartzaile guzien artean zozketa eginda, berriz, Eider Martiarena Urruzolari tokatu zitzaion saria. Biek Euskaraz bizi nahi dut guardasolak hartu zituzten oparitzat.

Martxoaren 27ra segida izanen du Astaluntan lehiaketak. Astelehenetik ortziralera, galdemodu batzuk eginen ditu Uskarantzak eta aste hondarrean sariak banatuko ditu.

Dagoeneko 162 lagunek eman dute izena lehiaketan, eta aranztarren batek oraindik parte hartu nahi badu 642 01 27 94 zenbakira edo uskarantza@gmail.com helbidera eskribitzen ahal du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun