Lan gatazka sortu da Berako San Jose egoitzako langileen eta patronatuaren artean. Langileek murrizketak egin nahi izatea leporatu diote patronatuari, eta patronatuak, aldiz, ukatu egin du hori.
Langileek protestarako deia egin zuten azaroaren 29an, eta geroztik bi elkarretaratze egin dituzte abenduaren 4an eta 6an. Aste honetarako ere hainbat ekintza prest zituzten: bihar, hilaren 11 kotxe karabana eta abenduaren 13an, herritar denei zuzendutako elkarretaratzea. Horiek, ordea, bertan behera utzi dituzte «negoziazioa errazte aldera». Hala ere, abenduaren 13an, elkarretaratzea eginen dute egoitzaren atarian, «eskala txikiagoan».
Langileen ordezkariek TTIPI-TTAPAri azaldu diotenez, azaroaren 29an patronatuan proposamen bat hartu zuten, eta abenduaren 6an kontraproposamen bat aurkeztu zieten ordezkariek. Bilera ere eskatu zioten patronatuari, eta horren zain daude egun.
Gaur egun egoitzan 40 bat langile ari dira, eta hiru ordezkari sindikalak LAB sindikatukoak dira.