Berako San Jose zahar etxeko langileen ordezkariek, herritar talde batek lagunduta, prentsaurrekoa eman zuen ortzirale arratsaldean zahar etxea kudeatzen duen patronatuak ezarri dituen murrizketak salatzeko. «Patronatuaren aldetik behin baino gehiagotan aditu izan dugu zahar egoitzaren etorkizuna herritarrek erabaki beharko dutela, eta premisa horri segituz, guk gaia herriratzea erabaki genuen. Izan ere, uste dugu garrantzitsua dela Berako herritarrek zahar etxeko egoeraren berri jakitea».
763 sinadura
Murrizketen kontra 763 sinadura bildu dituztela ere kontatu zuten, eta eskerrak eman nahi izan zizkieten sinatu zuten guziei «babesa eta elkartasuna helarazteagatik». Horrekin batera, mezu argia zabaldu zuten: «Langileon bizi baldintzak okertzeko egindako hautua, langileak zein herritarrak zeharkatzen gaituen erabakia da».
Bertzetik, ortzirale goizean «patronatuaren bertze proposamen bat hartu» zutela jakinarazi zuten: «Aplikatutako murrizketen inguruan bertze proposamen bat paratu dute mahai gainean». Langileen ordezkariek «positibotzat» jo dute, eta «ondoko egunetan proposamena aztertu eta horren inguruan hartuko den erabakiaren berri emanen» dutela esplikatu zuten.
Mobilizazioak
Hala ere, «murrizketak geldiarazi eta adostasunera ailegatu arte mobilizatzen segitzeko asmoa» dute, eta hala, aste honetan hasita, abenduan hiru elkarretaratze eta auto karabana eginen dituzte. Abenduaren 4an eta 6an elkarretaratzeak eginen dituzte zahar etxearen aitzinean; abenduaren 11n auto karabana herrian barna eta 13an elkarretaratzea Berako herrian.
Ortziraleko agerraldia «zaintza lanak prekarizatzeko erabaki oro etorkizunean eraiki nahi dugun zaintza sistemaren aurkako norabidean doala» erranez bukatu zuten. «Beraz, norabide horretan nekez lortuko dugu zaintzari zor zaion balioa aitortzea». Garbi utzi zuten, «zahar egoitzan zainduak diren zaharren eta zaintza langileon bizi baldintzak duinak izan daitezen borrokan segituko dugula».