Urtarriletik aitzinera KPIaren igoera (% 2,9) ez dutela aplikatu salatu zuen sindikatuak. Patronatuak azaldu duenez, ordea, urte hasieran zeuden arazo ekonomikoengatik, igoera ez zuten urtarrilean aplikatu. «Azkenean, igoera udan aplikatu ahal izan zen, atzerapenak barne, eta igoera hori modu eraginkorrean kobratzen ari da». Bide horretan, patronatuak salatu du langileen ordezkariekin ezin izan dutela ezer adostu «ez dutelako ezertarako aukerarik eman».
LABek salatutako bigarren murrizketa besta egunetako plusei dagokie. Sindikatuak salatu duenez, «egutegian markaturiko besta egunen harira urte luzez kobratzen zuten plusa kendu» nahi du patronatuak hitzarmen berrian. Patronatuak dioenez, igandetan eta besta egunetan «benetan» lan egiten duten langile guztiek dagokien plusa kobratu eta kobratuko dute 2017ko hitzarmenean zehazten den bezala, eta 2004tik egiten den bezala. «Ez da onargarria langileak bere oporretan besta egunetako plusa kobratzea, nahiz eta lanik egin ez. Hitzarmenean benetan lan egindako igande eta besta eguna kobratuko dela argi erraten da. Plus hau Espainiako hitzarmenean zehaztutakoa baina hiru aldiz gehiago ordaintzen da Beran».
Bajan egoteagatik kobratu beharreko gehigarria ere murriztu nahi dutela salatu zuen LABek. Patronatuak zabaldu duen oharrean, aldiz, hori «gezurra» dela dio. «2017an sinatutako hitzarmenaren arabera (2004tik aplikatzen da hau ere) San Jose Egoitzak soldata % 80raino osatzen du baja egun guztietarako, eta osagarri horrek, jakina, Gizarte Segurantzaren prestazioak hobetzen ditu. Gainera, 2017ko hitzarmenean adierazten zen osagarri hori urtero igoko zela KPIaren arabera, eta horrela aplikatu dugu. Langileen ordezkariek hitzarmena aplikatu behar dugula diote. Bada, hau da egin dena. Abuztutik aitzinera osagarria % 80 artekoa izan da hitzarmenak dioen bezala».
Sindikatuaren azken aldarrikapena langileek urtean dituzten norbere aferetarako egunei buruzkoa zen. LABen hitzetan norbere aferetarako baliatutako 5 egunak lanean berreskuratzea ezarri nahi du hitzarmen berriak. Patronatuaren hitzetan, ordea, hori «gezurra» da eta hitzarmenak ez du norbere aferetarako egun baimenduen inongo aipamenik egiten: «Ordaindutako 30 opor egun natural ezartzen ditu hitzarmenak; 30 egun horietatik, 5 egun egutegian finkatu gabe geldituko dira, eta langileak libreki aukeratuko ditu, egoitzako zuzendaritzari jakinarazi ondotik, urtean 1.592 ordu lan eginez (astean 35 ordu). Balizko norberaren aferetarako baimeneko egunak ez dira agertzen ordaindutako eta ordaindu gabeko lizentzien atalean».
Egun horiei buruzko zehaztapen bat ere egin du San Jose Egoitzako patronatuak: «Gertatu dena da, norberaren gauzetarako existitzen ez ziren ustezko egun horiek erabiltzen aritu direla, inolako akordio espliziturik gabe».
Egoera ekonomiko zaila
Patronatuak nabarmendu duenez, «irabazi asmori gabeko erakunde pribatua da, eta bere eginkizuna egoitzak hartzen dituen funts ekonomikoak kudeatzea da». Diru sarrera horiek egoiliarren kuotetatik eta Nafarroako Gobernuak egoiliarrendako emandako dirulaguntzetatik hartzen dituztela esplikatu du, baita herritarrek egindako ekarpenetatik ere.
Langileek egoiliarrei arreta egokia emateko egiten duten «lan haundia» baloratu nahi izan du patronatuak, eta horren adibide 2004tik duten hitzarmen propioa dela azaldu du. «Historikoki ahaleginak egin ditugu lan baldintzak hobetzeko, eta helburu horretan konprometituta dago patronatua». Baina, nabarmendu du azken urteetako egoera ekonomiko zailak zaildu egiten duela «zuzenak izan daitezkeen lan aldarrikapen guztiei erantzutea, eta, aldi berean, eguneroko funtzionamenduari eta mantentze lanei behar bezalako arreta ematea».
Horrez gain, langileen lan baldintzak eta egoiliarren erosotasuna hobetzeko beharrezkoak diren inbertsioei aurre egin behar zaiela oroitarazi dute egoitzaren arduradunek: «Patronatuak egoera zail hori kudeatu behar du egoitzaren biziraupen ekonomikoa ziurtatuz, Berako adinekoei beharrezko zerbitzua ematen segitu ahal izateko egoitzaren bideragarritasuna arriskuan jarri gabe».