Berako San Jose zahar etxearen patronatuaren asmo murriztaileen berri iragan urtearen bukaeran izan zuen LABek ‒Enpresa Batzordeko hiru delegatuak sindikatu horretakoak dira‒. Izan ere, patronatuak indarrean zegoen hitzarmena salatu zuen hitzarmenaren negoziazio-mahaia irekitzeko. Eta negoziazioa irekitzearekin batera, zenbait murrizketa ezarri zituen alde bakarrez: aplikatu beharreko soldata igoerak (KPIaren eguneratzea) aplikatzeari utzi zion; egutegian markaturiko besta egunen harira langileek urte luzez kobratu izan duten plusa kendu zuen; bajan egoteagatik kobratu beharreko osagarria murriztu zuen; eta urtean zituzten bortz egun pertsonalak berreskuratuarazi zizkien.
Murrizketa horien aitzinean, «elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera» azaldu izan du beti LABek, eta negoziazio mahaian murrizketa horiekin bere desadostasuna agertu zuen. Udan, patronatuak KPIren eguneratzea aplikatu zuen, langile bakoitzaren erreklamazioaren ondorioz. Baina ez du bertze hiru murrizketetan gibelera egin.
«Zaintza pertsona guztiak zeharkatzen dituen gaia izanik», LAB sindikatuak ezin du onartu «egoera ekonomiko zehatz bat konpondu nahi izatea sektore feminizatu hau prekarizatzeko neurriak hartuz». Sindikatuaren ustez, langileen lan baldintzetan gibelera egiten ari da patronatua, hitzarmenean jasota dauden eskubideak urratzen ari baita.
Sinadura bilketa
Horregatik guztiagatik, langileek sinadura bilketa abiatu dute, Berako herritarrei zuzendua, patronatuari murrizketak alde batera utz ditzan exijitzeko. Eta ez badu egiten, langileek mobilizatzen jarraituko dute, «ez baitute inongo eskubide urraketarik onartuko».