Epaiak «indarra eta itxaropena piztu» ditu eskolako jardunaldi mota arautzen duen foru agindua aldatzeko eskatzen dutenen artean, eta «hor segitzen dugula» adierazteko, elkarretaratzeak egiteko deia egin dute botazio justu baten aldeko familiek.
Hala, gaur, ikastetxeetan arratsaldez eskolak ematen hasiko diren lehenbiziko egunean, hainbat eskolatan kontzentrazioak eginen dituzte. Eskualdean, Etxalarren eta Lesakan bat egin dute ekimenarekin. Etxalarren gaur eginen dute elkarretaratzea, eta Lesakan dagoeneko egin dute.
Eskualdean, Amaiurko, Etxalarko eta Lesakako eskolei eragin die bete-betean foru aginduak. Hiru kasuetan boto gehienak jarraituaren aldekoak izan dira, baina legeak exijitutako % 60ra ailegatu ez direnez, ondoko lau ikasturteetan jardunaldi zatitua izanen dute.
Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia
Steilas sindikatuak aurkeztutako errekurtsoari erantzunez eman du epaia Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Zehazki, 12.7, 13 eta 14.1 artikuluak baliogabetu ditu, foru aginduak aurreikusitako familien erabakitzeko ahalmenak gorago dauden arauak urratzen» dituela iritzita, hala nola, Hezkuntzako Lege Organikoa (LOE).
Auzitegiko magistratuen ustez, «inpugnatutako foru aginduak ez die inolako erabakitzeko gaitasunik ematen irakasleei eta eskola kontseiluko gainerako kideei, beti ere familiek ez badute aitzinetik aldeko 3/5 boto lortu». Euren hitzetan, «12.7 artikulua, beto familiar moduko bat da prozedurarekin segitzeko eta eskola kontseiluan azken erabakia hartzeko balizko botazio egiteko». Are gehiago: «Erabakitzeko ahalmen hori eta klaustroari aitortutako kontsulta izaera aski bertzelakoak dira», auzitegi nagusiaren arabera. Hori da indargabetutako 13. artikuluaren harira adierazi duena.
14.1 artikuluari dagokionez, berriz, honela adierazi dute epaileek: «14.1 artikuluak prozesuarekin segitzeko familien aldeko botazio adostuaren beharra berresten du; kontua ez da familien ‘sentimendua’ biltzea, baizik eta haien adostasuna izatea sine qua non baldintza gisa». Hala, auzitegiaren ustez, «nahiz eta eskola kontseiluak behin betiko onarpenerako eskumena izaten segitzen duen, eskumen hori ez da existitzen familiek aitzinetik adostasuna lortu ez badute».
Epaian ageri denez, «familiak, legezko babesik gabe eta oinarrizko eskumenen eta eskumen organikoen kontra, organo erabakitzaile bihurtu ditu foru aginduak, blokeatzeko edo betoa paratzeko gaitasunarekin eta ebazteko ahalmenarekin, eskola kontseiluak erabaki aitzinetik». Horrekin batera, oroitarazi du «eskola kontseilua dela azken erabakia hartzeko eskumena duen organoa, bai LOEn, bai foru aginduan».
Hezkuntza Departamentuak helegitea aurkezteko asmoa du
Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, berriz, epailearen erabakiaren kontra helegitea aurkeztuko duela erran du. Erabakia «errespetatzen» duela adierazi du, baina egindako balorazioarekin ez dago ados, eta bere hitzetan, «ez du lege organikoaren agindurik urratu».
Hezkuntza Departamentuak «familien interesa babesteko borondatea» azpimarratu du. Gaineratu duenez, «Departamentuak kontzienteki arautu zuen familiei eta klaustroei kontsulta egiteko prozedura eta eskola kontseiluek ikastetxe bakoitzeko jardunaldi mota onartzea, erabateko autonomiaz erabakia hartzeko, ikasleen eta haien familien edo legezko ordezkarien interesei, beharrei eta ezaugarriei lehentasuna emanez».