Eskolako jardunaldia arautzen duen foru agindua aldatzeko eskatu dute familiek parlamentuan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 19a, 11:30

Bozketa justuaren aldeko plataformako kideak Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Departamentuko batzordearen lan saioan izan ziren atzo arratsaldean. Tartean, Etxalarko Landagain eskolako gurasoa den Amaia Agirrek hartu zuen hitza.

Bozketa justuaren aldeko plataformaren izenean, Amaia Agirre etxalartarrak, Maria Angeles Tirapuk eta Marcos Fernandezek hartu zuten hitza atzoko lan saioan, eta 20 minutuz «foru agindu bidegabea» izan zuten hizpide. «Horren eraginez, hamalau ikastetxek jardunaldi zatitua izanen dute ondoko lau ikasturteetan».

Amaia Agirre etxalartarra atzo parlamentuko lan saioan.

Eskolako jardunaldi motak arautzen dituen azaroaren 9ko 106/2023 Foru Aginduan zehaztutako gehiengoa aldatzea eskatu zuten atzoko agerraldian familiek, eta horren harira, Nafarroako Arartekoak Hezkuntza Departamentura bidalitako idatzia nabarmendu zuten: «Arartekoak garbi iradoki du foru agindua aldatzea, eta eskola jardunaldirako aukera guztiak [zatitua, jarraitua eta malgua], indarrean dagoena barne, eztabaidatu eta bozkatu ahal izatea». Horrekin batera, «bortz erroldatutik hiruren aldeko botoa exijitzen duen gehiengoa alde batera uzteko eskatu du Arartekoak».

Plataformak ohar bidez oroitarazi du «Carlos Gimenok zuzentzen duen Hezkuntza Departamentuak gehienez bi hilabeteko epea duela ebazpen hau onartzen duen edo ez jakinarazteko, eta hala bada, hori betetzeko neurrien berri emateko». Abuztuaren 4a izanen da azken eguna eta «ebazpena onartzen ez badute, gaia Nafarroako Parlamentuan azaldu beharko dute, eta kontseilariak agerraldia egin beharko du».

Gisa berean, «Geroa Bai, EH Bildu eta Contigo-Zurekin taldeen aldetik hartutako babesa» nabarmendu du plataformak oharrean, baina «gainerako alderdi politikoak foru agindu bidegabe, diskriminatzaile eta antidemokratiko hau aztertzetik desbideratu direla» gaineratu du.  

Plafaformak eskolako jardunaldia erabakitzeko prozesuan izan diren 29.860 botoetatik 25.421 jardunaldi zatituaren aldekoak izan zirela ere mahai gaineratu du. Gehiago ere bai: «jardunaldi jarraituaren aldeko gehiengoa izan arren, hamalau ikastetxeri eragin die». Eta argi utzi dute «prozesu justu eta demokratikoaren alde lanean» segituko dutela, «gure seme-alaben ongizatearen alde borrokan». Bide beretik, foru aginduaren aldaketa babestu duten talde politikoei ere egin diete deia, «lanean segitzeko eskatuz».

Eskualdean Amaiurko, Etxalarko eta Lesakako eskolei eragin die bete-betean. Guztietan familien gehiengoak jarraitua nahi izan du, baina ez dira % 60ra ailegatu. Amaiurko eskolan, % 59,09 jarraituaren alde agertu ziren,  baina boto bakarragatik zatitua izanen dute. Etxalarko Landagain eskolan, boto emaileen artean, % 65ek jarraituaren alde egin zuten, baina errolda kontuan hartzen zenez eta zazpi boto eman gabe gelditu zirenez, portzentajea % 58ra jaitsi zen, eta lau ikasturteren ondotik, zatitura bueltatzera behartuak izanen dira, bi botorengatik. Lesakako Irain eskolan ere familia gehienak jarraituaren aldekoak ziren, zehazki, erroldatuen % 53,4k jarraitua nahi izan zuen, baina zatitura pasatu beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun