Eskolako jardunaldi mota aukeratzerakoan, gehiengoaren nahia errespetatzea nahi dute

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 5a, 08:00

Amaiurko, Etxalarko eta Lesakako gurasoak: Ainhoa Etxeberria, Saioa Crespo, Izaskun Zenoz, Bea Mujika, Amaia Agirre, Nerea Perez, Naroa Esteban eta Mireia Malaxetxebarria.

Eskolako jardunaldi mota aukeratzeko prozesuak eztabaida sortu du. Amaiurko, Etxalarko eta Lesakako eskoletan, adibidez, familia gehienek jarraitua nahi izan dute, baina ez dute legeak ezarritako % 60 lortu. «Prozesua injustua» izan dela eta, egoera berean dauden bertze eskoletako familiekin bildu dira.

Hautsak harrotu ditu eskola jardunaldi motak arautzen dituen Nafarroako Gobernuaren azaroaren 9ko 106/2023 Foru Aginduak. Hautsak harrotu, eta zenbait kasutan, baita haserrea sortu ere. Konparazio batera, horixe da Amaiurko, Etxalarko eta Lesakako eskoletako familia aunitzengan eragin duena: «haserrea, frustrazioa eta inpotentzia». Horretaz aritu dira hiru eskola horietako zortzi guraso hauek TTIPI-TTAPArekin: Lesakako Irain eskolako Saioa Crespo eta Nerea Perez, Etxalarko Landagain eskolako Amaia Agirre,  Ainhoa Etxeberria eta Mireia Malaxetxebarria eta Amaiurko eskolako Naroa Esteban, Bea Mujika eta Izaskun Zenoz.

Gehienek jarraitua

Nafarroako Gobernuak pandemia garaian ezarri zuen jardunaldi jarraitua, nahiz eta 2007-2008az geroztik ikastetxe batzuetan jardunaldi mota hori izan duten. Pandemiaren ondoko urteetan, legea prestatu bitartean, ikastetxe bakoitzak eta familiek jardunaldia behin-behinean aukeratu behar izan zuten eta joan den azaroan etorri zen legea, jardunaldi motak arautu dituen azaroaren 9ko 106/2023 Foru Agindua. Jardunaldi motak arautzetik haratago joan da, ordea, eta jardunaldi zatitua ezartzeko agindua ekarri du. Zatitua ez den bertzelako jardunaldia nahi izan duten ikastetxeetan botazio prozesu bat egin behar izan dute, eta prozesu hori da, hain zuzen, eztabaida sortu duena. Izan ere, ikastetxe batzuen kasuan, familia gehienek jarraituaren aldeko botoa eman dute, baina legeak exijitutako % 60ra ailegatu ez direnez, ondoko lau ikasturteetan jardunaldi zatitua izanen dute. Hori da foru agindu honen bertze puntua: prozesua hasi duten ikastetxeetan, lau ikasturtez ezin izanen dute jardunaldia aldatzeko eskatu.

Prozesuak hiru fase izan ditu: Lehenbizi, eskola kontseiluak ireki behar izan du % 25en baiezkoarekin; ondotik, familien txanda izan da eta erroldatuen % 60k eman behar izan dute jarraituaren aldeko botoa; hirugarren pausoan, aitzineko biak gaindituta, eskola kontseiluan % 66k berretsi behar izan du.

Eskualdean 31 ikastetxeetatik 21ek jarraitua izanen dute. Eskola publikoen artean, 27tik 20k jarraitua izanen dute

Eskualdean dauden 31 ikastetxeetatik 21 dira jarraitua izanen dutenak. Eskola publikoak, berriz, 27 dira eta horien artean 20k jarraitua izanen dute ondoko ikasturteetan. Zatituarekin gelditu diren zazpi eskola horien artean, Arantzako, Berako eta Narbarteko eskolek aldaketarako prozesua ez hastea erabaki dute. Eta beraz, orain arte bezala, zatituarekin segituko dute. Gainerako eskola publiko guzietan hasi dute prozesua eta emaitzak honela gelditu dira: botazioa egin duten 24 ikastetxe publikoetatik 20k jardunaldi jarraitua izanen dute erroldatuen % 60 edo gehiago alde atera delako. Botazioa egin duten bertze lauk zatitua izanen dute: Igantzin gurasoen gehiengoak hala erabaki duelako, baina Amaiurren, Etxalarren eta Lesakan ez direlako erroldaren % 60ra ailegatu, nahiz eta hiru kasuetan, erdiak baino gehiagok jarraitua aukeratu.   

Amaiurren boto batengatik 

Amaiurko eskolan, jarraituaren aldeko hamahiru boto izan dira eta bederatzi kontra. Bertzela erranda, % 59,09 jarraituaren alde agertu dira,  ia-ia % 60, baina aldaketarako nahikoa ez. Amaiurko eskolako gurasoen hitzetan «hamalau boto behar genituen jarraitua izateko, eta boto bakarragatik zatitua izanen dugu». 

Amaiurko gurasoek eta ikasleek ere elkarretaratzea egin zuten. 

Baina ordutegitik haratago, bada Amaiurko gurasoek nabarmendu duten bertze kontu bat, jardunaldi zatitua izateak ekarriko dizkien ondorioak, alegia: «Baztango herrietako eskola ttikiek elkarrekin lan egiten dute, proiektu pedagogiko bat dute elkarrekin, proiektu berdinak dituzte, asteazkenetan Iruritan tailerrak egiten dituzte elkar ezagutzeko, irakasleak partekatzen dituzte, irteerak elkarrekin egiten dituzte...». Egoera ez dute arras arrotza:  «Duela bi ikasturte, bi eskola bakarrik gelditu ginen zatituarekin, Arizkungoa eta Amaiurkoa, eta ordura arte bertze eskolekin egiten genituen hainbat jarduera ezin eginez gelditu ginen. Hala ere, gutienez, bi eskolak elkartu ziren». 

Abian den ikasturte honi begira, berriz botazioa egin, eta jarraitua atera zen Amaiurren eta hala dabiltza irailetik. Heldu diren ikasturteetan, ordea, berriz zatitura bueltatu beharko dute. Gurasoek aitortu dutenez, «orain dela bi urte pasatu zena ikusita, ez genuen espero. Baztango bertze eskola ttikien ordutegi diferentea dugunez, bakarrik gelditu gara. Ikusiko dugu zer gertatzen den».

Etxalarren bi botorengatik 

Etxalarko Landagain eskolan ere jarraitua izateko atarian gelditu dira: «34 boto jarraituaren aldekoak izan dira, eta 18 zatituaren aldekoak. Boto emaileen artean, % 65ek jarraituaren alde egin dugu, baina errolda kontuan hartzen denez eta zazpi boto eman gabe gelditu direnez, gure portzentajea % 58ra jaitsi da, eta zatitura bueltatzera behartuak egonen gara, bi botorengatik». Gaineratu dutenez, «lau ikasturteren ondotik, berriz zatitura bueltatu beharko dugu». 

Etxalarko Landagain eskolako atarian ere elkarretaratzea egin zuten.

Lesakan ere guttigatik

Lesakako Irain eskolan ere familia gehienak jarraituaren aldekoak izan dira; ez, ordea, aldaketa egiteko nahikoak: «Jarraituaren aldeko 55 eta kontrako 45 boto izan dira eta hiru zuri. Hau da, erroldatuen % 53,4k jarraitua nahi izan dute, baina zatitura pasatu beharko dugu». Antzeko egoeratik pasatuak dira lehen ere: «Duela bi ikasturte ere botazioa egin genuen, eta gehienak jarraituaren aldekoak izanagatik, ez ginen  % 60ra ailegatu. Badira botorik ematen ez duten familiak, eta horrek kalte egiten du». 

Lesakako Irain eskolan egindako elkarretaratzea.

«Prozesu iluna» 

Hiru eskoletako gurasoek «prozesua ez dela justua» diote: «Nafarroan badira eskola batzuk aspalditik, esperimentu moduan, jardunaldi jarraituan ari direnak eta % 60aren baldintza ordukoa da, orain dela 17-18 urte sortua. Ulertzekoa da zerbait berria denean eta esperientziarik ez dagoenean, babes handiagoa eskatzea. Baina geroztik egoera arrunt aldatu da. Badira 17 urtez jarraituan ari direnak, urtero aldeko txostenak eginez, gatazkak murriztu direla, haurrak hobekiago daudela eta akademikoki batetik bertzera aldaketarik ez dagoela ikusi dutenak. Eta azken lau urteotan aunitz gara jarraitua izan dugunak. Jarraituarena ez da kontu berria, eta portzentaje hori eskatzeak ez du zentzurik».  Hortaz, gehiengo sinplea nahikoa izatea aldarrikatzen dute, «gehiengoaren nahia errespetatzea». Erabakia lau urterako izanen dela ere kritikatu dute, «orain arte, urtero-urtero izan da aldaketa eskatzeko aukera».

«Prozesua ez da batere justua izan»

Ez da hori bakarrik: «Foru Aginduan, zuzenean eskola guziek zatitua izatea agindu zuten, baina ordurako eskola publikoen % 84 jarraituan ari zela jakinda, ez da logikoa portzentaje horrekin zatitua agintzea». Horrekin batera, «botorik eman ez dutenak zuzenean zatituaren alde kokatu» izana ez dute begi onez ikusten: «Ez dago inongo sistemarik inon, ez udalean, ez gobernuan, ez inon, boto emaileen iritzia kontuan hartzen ez duenik. Eta hemen?». 

Bertzelako «trabak» ere sumatu dituzte bidean: «Botazioan egin zuten galdera hagitz aldrebesa izan zen, eta nahasmen horretan aunitzek ez zuten botorik eman. Horrek zatitua nahi zutela erran nahi du? Ez. Amaiurren, Etxalarren edo Lesakan elkar ezagutzen dugu, baina 300 ikasleko ikastetxeetan errealitatea hagitz diferentea da. Eskola haundi horietan kanpoko aunitz daude, hizkuntza kontrolatzen ez duten guraso aunitz eta ezjakintasunagatik aunitzek ez dute botatu». Argi dute: «Prozesua iluna izan da eta portzentajea % 60ra ailegatzea zailtzeko traba aunitz paratu dituzte». 

Nafarroako datuak

Edozein moduz, emaitzak jarraituaren aldekoak izan dira. «Gu gaizki gelditu gara, baina zorionez, traba guzien gainetik, Nafarroan eskolen % 81ek jarraitua izanen dute, eurek uste baino gehiagok. Nafarroan 170 ikastetxe publiko daude, 158k eskatu genuen aldaketa, 138k mantendu dute jarraitua eta 20 zatituarekin gelditu gara.Baina lau bakarrik dira botoengatik zatitua nahi izan dutenak eta bitan erroldatuen % 40rekin lortu dute. Gainerakoak, jarraituaren aldeko gehiengoarekin, zatitua izatera behartuak gara».  

«Nafarroan eskola publikoen % 81ek jarraitua izanen dute»

Bertze datu bat ere eman dute: «Gimenok [Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariaz ari dira] botazioaren harira egin zuen analisi bakarra Educak  [Hezkuntza Departamentuak eskolako informazioa kudeatzeko erabiltzen duen sistema informatikoa] zein ongi funtzionatu zuen eta zenbat jendek eman zuen botoa izan da. Baina 32.559 boto posible izan dira eta 29.860k eman dute botoa (% 92). Horietatik 25.421 jardunaldi jarraituaren aldekoak izan dira, % 85,1. Errolda kontuan hartuta, jarraituaren aldekoak % 78,08 izan dira. Datu hagitz altua da. Gimenori jokaldia ez zaio ongi atera». 

«Bertze interesak» 

Botaziorako baldintzak «bertze interesetara bideratu» izan direla ere salatu dute gurasoek, eta interes horiek zein diren galdetuta, honela erantzun dute: «Ez dira interes pedagogikoak behinik behin». Honela gaineratu dute: «Orain dela bi urte, foru agindua atera aitzinetik, Gimenok berak sindikatuekin eta bertze hainbat ordezkarirekin bilera egin zuenean, jardunaldi jarraituaren aldeko aipuak egin zituen. Eta zer pasatu da bidean? Badakigu catering enpresa bat Hezkuntza Departamentura joan dela eta presioa sortu duela, eta badakigu garraio enpresek ere euren kexa egin dutela Hezkuntza Departamentuan. Garraioa, jangela eta haurrak balantzan paratu dituzte? Gimenoren tokian, kezkatuak egonen ginateke berak zatitua hobetsi arren, % 81ek jarraituaren segitzea erabaki dutelako. Haurren ongizatetik haratago doazen interesak daude». 

Kontuak kontu, Gimenok ez du foru agindua aldatzeko asmorik, eta halaxe berretsi zuen duela bizpahiru aste agerraldi batean, araudia «zorrotz» beteko duela erranez. Gurasoen hitzetan, «adierazpenak egitera atera zen eta horrek erran nahi du gure protesta guziekin ezinegona behinik behin sortu diogula. Bada zerbait».

«Tentsioa» gurasoen artean

Gurasoek onartu dute gaiak «ezinegona eta tentsioa» sortu duela jardunaldi bateko eta bertzeko familien artean, baita «isiltasuna» ere. Amaiurkoek «haserrea» ere aipatu dute, «zatituaren aldeko aunitzek ondorioetan pentsatu gabe eman baitute botoa. Gure kasuan, ordutegia baino gehiago bertze eskolekin dugun proiektu pedagogikoa dago jokoan. Horretaz kontziente bazara, arras ongi, baina botoa eman ondotik sustoa hartu dutenak ere izan dira, eta orain beranduegi da gibelera egiteko». 

«Gaiak gurasoen artean ezinegona eta tentsioa sortu du»

Horri lotuta, gobernuari «erantzukizunik hartu nahi ez izatea» leporatu diote zortzi ama hauek. «Gobernuak familioi botoa emateko aukera eman digu, baina erabakia, berak nahi dituen baldintzetan, guk hartzea nahi izan du, erantzukizunik hartu gabe. Eta honekin, gurasooi saltsa pasatu digu. Zertarako balio izan du gehiengoak jarraitua aukeratzea, hala ere, zatitua inposatu behar badigute? Injustua izan da».

Bide horretan «irakasleei hitza kendu» izana ere gaitzetsi dute: «Irakasleei edo zuzendaritzari gai honen inguruan ez posizionatzeko agindu zieten. Baina irakasleek dira gure haurrekin egoten direnak, eurek dira profesionalak. Gurasoek plataformak sortu behar izan ditugu informazioa biltzeko. Prozesuaren iluntasunaren bertze adibide bat da». Gisa berean, «eskolako organo gorena den eskola kontseilua ahotsik gabe utzi» izana ere kritikatu dute: «Ez da bidezkoa».

Zergatik jarraitua?

Hitzordura hurbildu diren zortzi gurasoak jardunaldi jarraituaren aldekoak dira,  eta alde on aunitz ikusten dizkiote eredu horri: «Ordutegi aldetik haurrak eskolatik hartzeko malgutasuna; arratsaldeko orduak antolatzeko aukera handiagoa; goizago etxeratzeko aukera; familian egoteko denbora gehiago; behar bereziak dituzten haurrek eskolan hutsik egin gabe terapiak egiteko aukera; deskantsu gehiago, gatazka guttiago...». Laburbilduz, «jarraituak haur eta familia bakoitzaren egoera pertsonalaren arabera, malgutasun gehiago» ematen duela adierazi dute, baita «arratsaldeko eskola orduak ez direla produktiboak» ere. 

Gehiago ere bai: «Ez dakit eskola handi batean jardunaldi jarraitua nolakoa izanen den, baina gure eskola ttikietan jarraituaren kontra eman diren argudio aunitzek ez dute balio», aipatu dute Amaiurkoek: «Jarraituaren kontra erabilitako argudioetako bat haur ttikiendako sei ordu segidan egitea aunitz dela izan zen. Baina gure haurrek arras ordu guti pasatzen dituzte gelan sartuta. Ez dute inolako arazorik kanpora ateratzeko eta kanpoan buelta bat emateko, gai jakin batzuk kanpoan lantzeko, salto gela erabiltzeko... Herri ttikiek sei ordu horiek modu dinamikoan eta eramangarrian egiteko erraztasunak dituzte».  Eskola handietan «diferentzia aunitzez handiagoa» dela gaineratu dute: «300 ikasleko eskoletan bazkaltzeko bi txanda daude, eta bazkaltzeko esperatzeko tarte horiek gatazka momentu handiak dira. Jarraituarekin gatazka pila saihesten dituzte».

Jardunaldia eta jangela «bereizi» 

Jangelaren gaia ere atera da mahai gainera, jarraituarekin jangela arriskuan izan daitekeenaren kontua zabaldu izan  baita familien artean. Baina guraso hauen irudiko, «eskola jardunaldiarena eta jangelarena nahastu behar ez diren bi gai dira. Nahasten saiatu dira, baina bereizi behar dira. Ezin dugu jangelaren egoeragatik jardunaldia baldintzatu. Jardunaldi batek hainbertze alde ditu haurrari begira, eta gai honekin irudi du atzentzen ari zaigula haurren interesak zein diren». Etxalarko kasuan, «hau gertatu edo ez, jangelaren errealitatea zaila» dela aitortu dute, eta «guraso guziak jangela mantentzeko urtero mila eta bat ekintza egiten» ari direla esplikatu dute. 

Amaiurren ere  «ekintza pila» egiten omen dituzte jangela mantentzeko. Eta datuak dira jangelaren harrera onaren erakusle: «bi haur baino ez dira jangelara joaten ez direnak, eta etorkizunean jangela mantenduko da, jardunaldia edozein izanda ere». 

«Jarraituak zatituak baino zailtasun gehiago zergatik?»

Ate joka

«Botazio justua eta demokratikoa» eskatzen dute, bertzerik ez, «zatitua edo jarraitua, bakoitza libre da zer jardunaldi nahi duen erabakitzeko, baina aukeraketa denek baldintza berdinetan egitea eskatzen dugu. Zergatik izan behar ditu jarraituak zatituak baino zailtasun gehiago?». Helburu horrekin, Nafarroako hainbat ikastetxetako familiekin biltzen hasi dira Amaiurko, Etxalarko eta Lesakako familiak: «Egoera honetan gelditu garen 18 eskoletatik 14 elkartu gara, ea zerbait mugitzen ahal den». 

Martxo hondarrean Hezkuntza Departamentuaren aitzinean egindako elkarretaratzea.

Dagoeneko elkarretaratzeak egin dituzte Hezkuntza Departamentuaren eta eskolen atarian, eta Maria Solana (Geroa Bai) eta Eneka Maiz (EH Bildu) parlamentariekin ere bildu dira: «Ados daude erraten dugun guziarekin». PSNko ordezkariekin ere bilera eskatu omen dute eta Arartekora ere jo dute eta «erantzunaren esperoan gaude». Sortzen Eskola Publiko Berriaren Aldeko Elkartearekin ere bildu dira eta «botazio justu bat eskatzeko idatzi bat eginen dugu elkarrekin». 

Gimenorekin bilera egiteko eskaria ere egin dute. Kontatu dutenez, «bertze bi eskoletako familiak Hezkuntza Departamentuko ordezkari batzuekin bildu dira eta jarrera aldetik izan duten erantzuna hagitz txarra izan da. Araua hori dela diote eta ez dute bertzerik aditu nahi». Gaineratu dutenez, «abokatu batekin harremanetan ere jarriak gara legalki zerbait egiten ahal dugun aztertzeko». Agerian gelditu da ez dutela geldirik egoteko asmorik; «ate joka segituko dugu injustizia hau salatuz». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun