Eskolako jardunaldi motak arautzen dituen Foru Agindua aldatzea iradoki du Nafarroako Arartekoak

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 7a, 13:30

Etxalarko eta Lesakako eskoletako familiek egindako elkarretaratzea.

Etxalarko Landagain, Lesakako Irain eta Garesko eskoletako familiek Nafarroako Arartekoan aurkeztutako kexei erantzunez, Patxi Vera Donazar Nafarroako Arartekoak jardunaldi motak arautzen dituen azaroaren 9ko 106/2023ko Foru Agindua zalantzan paratu du.

Familien bozketari dagokionez, «eskola jardunaldirako aukera guztiak [zatitua, jarraitua eta malgua], indarrean dagoen barne, eztabaidatu eta bozkatu ahal izatea» eskatu du Arartekoak, gisa horretara, «familien parte hartzea handiagoa izanen litzatekeela» iruditzen baitzaio. Horrekin batera, «azken erabakia eskola kontseiluak hartu beharko lukeela» dio Arartekoaren ebazpenak.

Honela gaineratu du, «indarrean dagoen araudia zorrotz betetzearen ondorioz, emaitzak bidegabeak izaten ahal dira», eta horregatik iradoki du Foru Agindua egokitzea: «Araudiak jardunaldi zatitua ezarri du ikastetxeetan, baina gisa honetara, jarraitua edo malgua nahi dutenek egoera zailagoa dute».

Arartekoak «gehienez bi hilabeteko epea» eman dio Hezkuntza Departamentuari «ebazpen hau onartzen duen edo ez jakinarazteko, eta hala bada, hori betetzeko neurrien berri emateko».

Parlamentuko lan saioan hitzordua

Bertzalde, bozketa justua eskatuz egoera berean dauden Nafarroako eskoletako familiek elkarlanean segitzen dute. Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiekin bildu, eta parlamentuko lan saioan parte hartzeko eskatua zuten. Bada, badute data: ekainaren 18an, 15:15ean dute hitzordua, eta Nafarroako Parlamentuaren web orriaren bitartez zuzenean segitzen ahal izanen da saioa.

Amaiurko, Etxalarko eta Lesakako eskolak

Nafarroako Gobernuak pandemia garaian ezarri zuen jardunaldi jarraitua, nahiz eta 2007-2008az geroztik ikastetxe batzuetan jardunaldi mota hori izan duten. Pandemiaren ondoko urteetan, legea prestatu bitartean, ikastetxe bakoitzak eta familiek jardunaldia behin-behinean aukeratu behar izan zuten eta joan den azaroan etorri zen legea, jardunaldi motak arautu dituen azaroaren 9ko 106/2023 Foru Agindua. Jardunaldi motak arautzetik haratago, jardunaldi zatitua ezartzea agindu zuen araudiak.

Zatitua ez den bertzelako jardunaldia nahi izan duten ikastetxeetan botazio prozesu bat egin behar izan zuten, eta prozesu hori da, hain zuzen, eztabaidaren iturri. Izan ere, ikastetxe batzuen kasuan, familia gehienek jarraituaren aldeko botoa eman zuten, baina legeak exijitutako % 60ra ailegatu ez zirenez, ondoko lau ikasturteetan jardunaldi zatitua izanen dute.

Eskualdean, Amaiurko, Etxalarko eta Lesakako eskolei eragin die bete-betean.

Amaiurko eskolan, jarraituaren aldeko hamahiru boto izan zituzten eta bederatzi kontra. % 59,09 jarraituaren alde agertu ziren,  ia-ia % 60, baina aldaketarako nahikoa ez. Hala, boto bakarragatik zatitua izanen dute heldu den ikasturtean.

Baina ordutegitik haratago, Amaiurko gurasoek bertzelako ondorioak ere nabarmendu izan dituzte: «Baztango herrietako eskola ttikiek elkarrekin lan egiten dute, proiektu pedagogiko bat dute elkarrekin, proiektu berdinak dituzte, asteazkenetan Iruritan tailerrak egiten dituzte elkar ezagutzeko, irakasleak partekatzen dituzte, irteerak elkarrekin egiten dituzte... Orain, Baztango bertze eskola ttikien ordutegi diferentea dugunez, bakarrik gelditu gara. Ikusiko dugu zer gertatzen den».

Etxalarko Landagain eskolan ere jarraitua izateko atarian gelditu ziren: 34 boto jarraituaren aldekoak izan ziren, eta 18 zatituaren aldekoak. Boto emaileen artean, % 65ek jarraituaren alde egin zuten, baina errolda kontuan hartzen zenez eta zazpi boto eman gabe gelditu zirenez, portzentajea % 58ra jaitsi zen, eta lau ikasturteren ondotik, zatitura bueltatzera behartuak izanen dira, bi botorengatik.

Lesakako Irain eskolan ere familia gehienak jarraituaren aldekoak izan ziren; ez, ordea, aldaketa egiteko nahikoak: Jarraituaren aldeko 55 eta kontrako 45 boto izan zituzten eta hiru zuri. Hau da, erroldatuen % 53,4k jarraitua nahi izan zuen, baina zatitura pasatu beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun