Eskolako jardunaldia erabakitzerakoan «botazio justua eta demokratikoa» eskatu dute familiek gaur Hezkuntza Departamentuaren aitzinean eta eskoletan

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 26a, 15:00

Protesta egin duten familia horien artean Lesakako Irain, Etxalarko Landagain eta Amaiurko eskoletako familiak daude

Eskola jardunaldi motak arautzen dituen azaroaren 9ko 106/203 Foru Aginduarekin pauso bat gibelera egiteko eskatu diote gaur Nafarroako hainbat familiak Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari. Helburu horrekin, elkarretaratzeak egin dituzte Iruñean Hezkuntza Departamentuaren aitzinean eta eskolen atarian. Ikastetxe horietan familien gehiengoak jardunaldi jarraituaren alde egin du, baina ez dira horretarako behar zen % 60ra ailegatu. 

Gaur familiek Iruñean egin duten agerraldian oroitarazi dutenez, «Nafarroako Gobernuak pandemia garaian ezarri zuen jardunaldi jarraitua. Ondoko urteetan, ikastetxe bakoitzak eta familiek jardunaldia behin-behinean aukeratu behar izan dute, jardunaldi motak arautzeko legea prestatu bitartean. Azkenean, Nafarroako Gobernuak azaroaren 9ko 106/203 Foru Agindua argitaratu zuen, jardunaldi motak arautuz eta jardunaldi zatitua ezarriko zuela adieraziz». Hala, bertzelako jardunaldia nahi izan duten ikastetxeek botazio prozesu bat egin behar izan dute, eta gaur bildutako gurasoen hitzetan, «berezitasunak» dituen prozesua izan da: «Jardunaldi jarraitua nahi zuen ikastetxeak erroldatuen % 60aren botoak behar zituen. Eta gainera, garraioa partekatzen zuten zentroak baldintzatu ditu, jardunaldi jarraitua izateko bi zentroetan gehiengo nagusia atera zedin exijitu baitu».

Etxalarko, Lesakako eta Amaiurko kasuak

Gaurko agerraldian elkartu diren familiak jardunaldi jarraituaren alde gehiengoa lortu duten ikastetxeetakoak dira, eta tartean dira Etxalarko, Lesakako eta Amaiurko eskoletako familiak.

Etxalarko Landagain eskolan, adibidez, familien % 65ak (34 boto) jardunaldi jarraituaren aldeko apustua egin zuen eta % 35ak (18 boto) zatituaren alde. Botoa eman ez zutenak kontuan hartuta, ordea, jardunaldi jarraituaren aldeko portzentajea %58ra jaitsi zen eta bi botorengatik, familien gehiengoaren nahia izan arren, hurrengo lau ikasturteetan jardunaldi zatitua izanen lukete.

Lesakako Irain eskolan, berriz, familien % 53,4k jarraituaren alde egin zuen, gehiengoak beraz. Baina ez ziren Foru Aginduan eskatutako % 60ra ailegatu.

Amaiurko eskolan ere gehiengoa jarraituaren aldekoa izan zen: Hamahiruk alde egin zuten, eta bederatzik kontra, hau da, % 59,09 jardunaldi jarraituaren aldekoa zen.

Etxalarko, Lesakako eta Amaiurko eskoletako familiekin batera, Patxi Larraintzar, Paderborn, Bernat Etxepare, Gares, Zubiri, Orkoien (San Miguel eta Auzalar), Berriozar (Mendialdea I), Zizur (Erreniega) eta Mutiloako (San Pedro eta Irulegi) ikastetxetakoak elkartu dira.

«Ez gara geldituko»

Familiek salatu dutenez, «legea argitaratu aitzinetik eta hainbat urtez jardunaldi jarraitua probatu ondotik, Gimeno kontseilariak portzentajeak eta legean bildutako bertze baldintza bidegabe batzuk aldatuko zituela hitz eman zuen. Parlamentuko indar politiko gehienek ere hala eskatu zuten, baita hezkuntzako sindikatuek ere. Baina Gimeno jaunak eta bere lantaldeak ez diote kasurik egin adostutakoari». Datuak ere eman dituzte: «170 ikastetxe publikoen artean, 158k aldaketarako prozesua hastea eskatu genuen. Horietatik 20tan ez dugu lortu jardunaldi jarraitua ezartzeko exijitutako botoen % 60, baina gehiengoa jarraituaren aldekoa izan da. Hori horrela izanda, nola ulertu behar dugu gure seme-alaben bizitza sakrifikatu behar izatea?».

Hezkuntzako ordezkariekin bildu diren arren, kritikatu dute «ez gaituztela kontuan hartu». Eta «inpotentzia eta frustrazioa» sentituta, parlamentuko taldeekin biltzen hasi direla jakinarazi dute. Arartekoari ere laguntza eskatu diote eta «injustizia hori alde batera gelditzeko ateak jotzen» segitzeko asmoa dute: «Ez gara geldituko, karrikara aterako gara eta bizi dugun bidegabekeria hedabideetan salatuko dugu. Gure ustez seme-alabentzat hoberena den hori lortzeko, borrokan segituko dugu, hori baita gure eskoletan gehienek bozkatu dutena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun