Zentral eolikoak eskualdean

Parke eolikoei buruzko solasaldia antolatu dute ortzirale honetan Arantzan

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 13a, 09:00

Parke eolikoaren proiektuarekin kezkatuta bi batzar egin dituzte Arantzan: martxoaren 26an eta apirilaren 2an.

Sustrai Erakuntza Fundazioko kideekin eta Lesakako Endara Bizirik plataformako kideekin solasaldia antolatu du Arantza Bizirik plataformak. Bihar arratsaldean izanen da, 19:00etan, herriko etxean.

Madrilgo Zelena Renovable enpresak Arantzako, Igantziko, Sunbillako eta Etxalarko lurretan egin nahi duen Azkua izeneko parke eolikoaren berri izan dutenetik, mugitzen hasiak dira Arantzan. Gaiarekin kezkatuta, bi batzar egin dituzte, eta horrekin batera, Arantza Bizirik taldea sortu dute. Bihar, berriz, ortziralea, parke eolikoei buruzko solasaldia antolatu dute. Lesakako Endara Bizirik plataformako kideak eta Sustrai Erakuntza Fundazioko kideak gonbidatu dituzte eta haiek izanen dira hizlariak. «Lehenbizikoak Lesakan egin nahi izan zuten parke eolikoaren kontra egin zuten ibilbidearen berri ematera etorriko dira, eta bigarrenak, bertzeak bertze, energia berriztagarrien hedapenaz solastatzera».

«Arantza bizirik nahi dugula eta gure mendiak bizirik nahi ditugula» aldarrikatu dute Arantza Bizirikekoek, eta herritarrei hitzaldi horretara joateko deia egin diete. Horrekin batera, Azkua proiektuak hartuko lituzkeen herrietara ere luzatu dute mezua eta igantziarrei, etxalartarrei, sunbildarrei eta gaian interesa duten guztiei joateko gonbita egin diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun