Madrilgo Zelena Renovable enpresak Arantzako, Igantziko, Sunbillako eta Etxalarko lurretan egin nahi duen Azkua izeneko parke eolikoaren berri prentsaren bidez jakin duela salatu du Arantza Bizirik taldeak. Adierazi dutenez, «ez herritarrok, ez Arantzako Udalak, ez genuen horren berririk, baina enpresa bazterrak mugitzen ari da».
Gaiak «ezinegona» sortu diela aitortu dute; «batez ere azken boladan energia berriztagarrien izenean bazterrak xehatuz egiten ari diren proiektuak ikusita». Arantza Bizirik taldekoen hitzetan, «kasu hau ere garbia da: enpresa pribatu batek gure eta inguruko mendietan haize errotak paratu nahi ditu. Garbi dugu horrek herriari ez diola deus onik ekarriko».
Onartu dute «proiektuaren inguruko xehetasunik ez» dutela, baina «kezkatuta» daude eta horregatik sortu dute Arantza Bizirik taldea. Jakinarazi dutenez, «dagoeneko bi batzar egin ditugu eta horietan agerian gelditu da herritarren kezka». Hemendik aitzinera ere lanean segituko dutela nabarmendu dute, «eta hurrengo hitzordua apirilaren 14an» egin dute. Egun horretan «Endara Bizirik plataformakoak eta Sustrai Erakuntza fundaziokoak Arantzara gonbidatu ditugu. Lehenbizikoak Lesakan egin nahi izan zuten parke eolikoaren kontra egin zuten ibilbidearen berri ematera etorriko dira, eta bigarrenak, bertzeak bertze, energia berriztagarrien hedapenaz solastatzera».
Hitzordu horri begira «dei berezia» egin diete herritarrei, «proiektua gure lurretan egin nahi baitute». Baina ingurura ere zabaldu dute deialdia: «Azkua proiektuaren barrenean sartuak diren herrietara ere luzatu nahi dugu gonbita eta Igantziko, Sunbillako eta Etxalarko herritarrak gonbidatu nahi ditugu». Apirilaren 14an, 19:00etan, plazan egin dute hitzordua.