Mendiari baimenik gabe su ematea delitu larria dela ohartarazi du Berako Mendi Batzordeak

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 16a, 15:00

Suteei dagokienez, Beran «2019a benetan urte mugitua» izan dela eta «2020a ere bide beretik hasi dugula» erranez oharra bidali du udaleko mendi batzordeak prentsara. Herritarrei «erne» ibiltzeko eta «mendian mugimendu arrarorik ikusten badute udaletxean edo 112ra deituta honen berri emateko» eskatu die.

Bera herrian edukiontziak eta ibilgailuak erreak agertu ziren joan den urtean, eta mendian hainbat sute izan ziren. Horiek gogoan izan ditu Berako Mendi Batzordeak prentsa-oharrean eta 2020a «bide beretik» hasi izana kritikatu du. Atzo izan zen Larhun magalean azkena. Mendiko sute horiek «nahita sortuak» direla eta «egoera hagitz larriak» izan direla salatu du batzordeak. «Suhiltzaileen lanari esker ez da kalte handiegirik izan, baina horrela segituz gero eta eguraldiaren baldintzek laguntzen badute, izugarrizko triskantza eragiten ahal dela ohartarazi nahi dugu».

Mendiari baimenik gabe su ematea «delitu larria» dela oroitarazi nahi izan du: «sei urte arteko kartzela-zigorrarekin gaztigatzen ahal da, 20 urte arte gizakientzat arriskua izan bada, gehi isunak».

Azken urteotako neguak «nahiko idorrak» izan direla ikusita, «mendian sute handiak izateko baldintzak» badirela dio oharrak. «Hala ere, sua ez da berez sortzen normalean eta Berako kasuan behintzat garbi dago azkeneko suteak nahita sortuak izan direla».

Horregatik guztiagatik herritarrak «erne» ibiltzeko deia egin du batzordeak: «mendian mugimenu arrarorik ikusten badute honen berri eman dezatela udaletxean edo 112ra deituta. Ea denon artean gure mendiak erre gabe mantentzea lortzen dugun».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun