Lurraren Eguna ekitaldiz gainezka dator aurten ere

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko urr. 25a, 06:30

Larunbatean Lizuniagako Igoera, Aitziber Orkolagaren argazki erakusketa eta barazki-opil lehiaketa antolatu dituzte eta igandean 10:00etan hasiko dira aurten XXXIII. aldiz eginen den Lurraren Eguneko ekitaldiak. Goizean azoka, erakusketak eta tailerrak eginen dituzte eta horrez gain, Bortzirietako ekoizleekin gasna eta sagardo lehiaketak.

Urriko azken asteburua ekitaldiz betea izanen da aurten ere. Larunbatean hasiko dira hitzorduak. Arratsaldean, Lizuniagako Igoera eginen dute Gure Txokoak antolatuta haur, gazte eta helduentzat. Horrez gain, 18:00etan, Aitziber Orkolagaren Plaketak argazki erakusketa irekiko dute Labiaga Ikastolan. Ordu erdi beranduago, 18:30ean, XIII. barazki-opil lehiaketa hasiko da Altzateko frontoian. Aurten, 200 euro, ardo-kaxa eta oroigarria jasoko ditu irabazleak. Eguna borobiltzeko 19:00etan Bera kantari ibiliko da herrian barna eta 20:00etan trikitilariek hartuko dute lekukoa.

XXXIII. Lurraren Eguna

Igandean 33. edizioa beteko du Lurraren Egunak. 10:00etan eskulangileen eta elikadura azokak, barazkien eta Olakoren erakusketak eta tailerrak irekiko dituzte Altzaten eta Merkatuko Plazan. Aldi berean, Ricardo Baroja eskolan, Bortzirietako 33. gasna lehiaketa eta Karnaxenean 22. sagardo lehiaketa eginen dituzte. Lehiaketa horietan parte hartzeko Bortzirietako ekoizlea izan beharko da eta 12 euro ordainduko da gazta bakoitzaren truke eta sei euro sagardo botilaren truke. Gazta lehiaketa irabazten duenak, berriz, 300 euroko saria eta oroigarri bat eramanen ditu eta bigarrenak 200 euroko saria. Sagardo lehiaketako irabazleak, bere aldetik, 200 euro eskuratuko ditu eta bigarrenak ehun euro. Musikarik ere ez da faltako, ez Altzateko plazan ezta karriketan ere: txalapartariak, txistulariak, trikitilariak, talde instrumentalekoak, Bandakoak... ariko dira.

Arratsaldean, 16:30ean, bertsolariek zuzenduko dute sari banaketa ekitaldia. 17:30ean Muxikoak dantzatzeko aukera izanen da Kuxkuxtu txarangarekin eta 18:30ean dantzaldia hasiko da Oharkabe taldearekin. Egun guztian taloak, jaki eta edari dastatzeak izanen dituzte bisitariek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun