«Baserriak gero eta guttiago dira, baina geroz eta gehiago estimatzen dira baratzeko produktuak»

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 25a, 09:30
Bittori Telletxea.

Bittori TELLETXEA

Herrigintzan ibilbide luze eta oparoa egin du Bittori Telletxeak. 80ko hamarkadan sartu zen Berako Kultur Batzordean eta ordutik horri lotua bizi da. Batzordeko gainerako kideekin batera «Berako urte osoko kultur programazioa» lantzen aritzen da. 

Azken aldian, erraterako, urriaren 27an ospatuko duten Lurraren Egunerako prestaketetan dabil. Ongi ezagutzen duen lana da, hasieratik antolakuntzan ibili izan baita: «87an antolatu genuen lehendabizikoz. Eskulangile eta baserritarren erakusketa bat antolatzea pentsatu genuen, egiten zuten lana ikusarazteko eta baserritar eta herritarrak saretzeko».

«Lurraren Egunak kultur ekitaldiak eta besta uztartzen ditu»

Urtez urte iraun ez ezik «aberastu» egin den eguna da urri hondarrean ospatzen dutena: «gaur egun 22 eskulangile inguru biltzen dira eta, pixkanaka, ekintza kultural hutsa zena egun kulturala izatera pasatu da». Orain, erakusketaren bueltan, hamaika ekitaldi izaten dituzte: «bezperako barazki opil lehiaketa eta argazki-erakusketa egiten dugu». Aurten erakusketa «berezia» izanen da ikusgai: «lehen, Berako argazki zaharrak ateratzen genituen; aurten, ordea, Labiaga ikastolakoen eskutik, Aitziber Orkolagaren Plaketak argazki erakusketa jarriko dute».

Bera Kantarik eta musikariek ere ez dute hutsik eginen. Egunean bertan azoka eta erakusketaren ez ezik, gazta eta sagardo lehiaketa ere izanen dituzte: «bisitariek sari-banaketa ikusteko, bertsoak entzuteko eta txarangaren erritmora muxikoak dantzatzeko aukera izanen dute». Taloak jan eta dantzaldian ibiltzeko tartea ere izanen da.

«Gibeletik prestaketa-lan handia duen eguna izan arren, ongi pasatzen dugu»

Gibeletik prestaketa-lan handia duen arren, «ongi» pasatzen dutela kontatu digu. Are gehiago, Bittori Telletxearentzat «pozgarria» da halako egunak ospatzea eta baserri eta eskulangileen lanari merezi duten lekua ematea: «gero eta guttiago dira baserriak, baina sistema honek aldatu beharko du eta egia erran baratzeetako produktuak orain gehiago estimatzen hasi garela dirudi...».

Egun batek ez du «inolaz ere» urte osoan baratzeetan egiten den lana parekatzen baina bada hori estimatzeko keinu bat. Eta gogoan izan keinuz keinu eta pausoz pauso erronka handien jabe egin gaitezke.   

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun