Arte erakusgela inauguratuko du Berako Labiaga Ikastolak larunbat honetan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 24a, 18:00

Berako ikastolak Altzate karrikan duen eraikineko areto nagusia arte erakugela bihurtu dute. Urritik ekainera urtean hiru erakusketa antolatu nahi ditu eta larunbat honetan inauguratuko dute lehenbizikoa, Aitziber Orkolagaren Plaketak argazki erakusketarekin.

Urteetan erabilera anitzeko gela izan da Labiaga Ikastolaren areto nagusia: bestetan ostatua, batzarretan bilera-gela, udalekuetan aterpe, ikasleentzat elkargune... Orain, berriz, joan den udan elkarlanean txukundu ondotik, bertzelako erabilpena ere eman nahi diote, erakusketak egiteko gela ere bihurtu baita. Denetariko erakusketak antolatzeko aprobetxatu nahi dute, margo, eskultura edo argazki erakusketak, bertzeak bertze.

Urritik ekainera, larunbat eta igande arratsaldetan irekiko dute, 16:00etatik 20:00etara eta urtean hiru erakusketa antolatzeko asmoa dutela adierazi dute Berako ikastolatik. Horrez gain, ikasturte akabailan, «gure ikasleek sortutako lanekin erakusketa kolektibo bat prestatuko dugu», azaldu dute.

Lehenbiziko erakusketa larunbat honetan inauguratuko dute, 19:00etan. Baffest argazki lehiaketan lehen saria lortu zuen Aitziber Orkolagaren –argazkian– Plaketak laneko argazkiak ikusteko aukera izanen da. Argazkilari donostiarraren lana abenduaren 29ra arte egonen da ikusgai.

Plaketak

Plaketak lanaren abiapuntua aita hil ondotik bizitako unea da. Doluari buruzko lana da, memoria txukuntzean datzana. Barne ariketa baten bitartez, urrutiko oroitzapenak azaleratu eta ikusgarritasuna eman nahi izan die Orkolagak. Denboran sekuentzia bat ere bada, izan ere, hasierako etxera bueltatzen saiatzen da komunean izandako elementuak bilatuz, zauria sendatzeko asmotan. 2019ko Emakume Argazkilari Sortuberrien lehiaketan lan honekin lehenbiziko saria eskuratu du Orkolagak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun