Tirriki-tarraka aitzinera egin nahian

Gurutze Pikabea 2019ko ira. 22a, 10:00
Nahia eta Mikel Pelle-Ttikiko haurrak.

2007ko ilbeltzean ireki zituen Pelle-Ttiki Arantzako haur eskolak ateak. Geroztik, 1-3 urte bitarteko haur andana pasatu da bertatik baina azken urteotan beheiti egin du erabiltzaile kopuruak.

Beharra, ilusioa eta gogoa auzolanari lotu zitzaizkionean eman zituen lehenbiziko urratsak Pelle-Ttiki Arantzako Haur Eskolak. 2006an izan zen hori. Urte haietan jaiotze-tasak goiti egina zuen eta Bortzirietan haurren zaintza eta gurasoen lana kontziliatzearen inguruko inkesta egin ondotik, Arantzako gurasoen artean eskolan hasi bitarteko haurrentzako zerbitzuaren beharra zutela ondorioztatu zuten.

Dindaia Fundazioarekin harremanetan jarri eta honek egindako proposamena onartu zuen Arantzako Udalak. Elizak garai batean Arantzako ikastola izan zen aretoa utzi zuen, eta Udalaren laguntzarekin, gurasoek auzolanean egoitza egokitu zuten, Nafarroako Gobernuak halako kasuetarako ezarritako baldintzak betez. Ikastola izan zeneko izena ere berreskuratu zuten: Pelle-Ttiki. Halaxe hasi zen, 2007ko ilbeltzaren 2an, zortzi neska-mutikorekin. Finantzazioa Arantzako Udalaren gain gelditu zen, eta kudeaketa, berriz, Dindaia Fundazioaren esku. Horrela funtzionatu du hamabi urteotan.

Haur kopuruan goiti-beheitiak
Geroztik Arantzako haur andana pasatu da Pelle-Ttikitik. «Batzuetan gehixeago, bertzeetan guttixeago», dio Joseba Pikabea Arantzako zinegotziak. Horren erakusle dira datuak: zortzi-bederatzi haur ibili diren urte saila izan dira, baita hiruzpalau haur izan diren ikasturteak batzuk ere. Hain zuzen, haur kopuruaren goiti-beheiti horiek «ekonomikoki» Arantzako Udalarentzat «eragin handia» dutela kontatu du Pikabeak. «Herri bezala, lana eta familia uztartzeko 1-3 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua bermatzea ezinbertzekoa eta hagitz garrantzitsua iruditzen zaigu», azaldu digu. Zerbitzuari «segida» eman nahi diotela gaineratu digu, «baina aldi berean, haur gutti diren urteetan zerbitzua aitzinera ateratzeko Udalak gastu handia» egin behar izaten duela oroitarazi du.

«Haur gutti diren urteetan zerbitzua aitzinera ateratzeko Udalak esfortzu ekonomiko handia egiten du» 

Joseba Pikabea, zinegotzia

Inbertsio handia
Irailetik uztail hondarrera egoten dira zabalik Pelle-Ttikiko ateak. Tarte horretan, astelehenetik ortziralera, 09:00etatik 13:00etara edo 14:30era bitarteko zerbitzua eskaintzen dute, 1 eta 3 urte bitarteko haurrentzat. 13:00 arte ari direnek haur bakoitzeko 130 euro ordaintzen dute  eta bazkaldu eta 14:30 arte gelditzen direnek, berriz, 150 euro bakoitzeko. Horren harira, zenbakiak atera ditu Pikabeak: «Arantzako Udalak urtean 18.932 euro ordaintzen dizkio Dindaia Fundazioari, eta haur bakoitzeko diru-sarrera urtean 1.430  bat eurokoa dela kontuan hartuz, argi dago esfortzu ekonomiko handia dela». Pelle-Ttikin apuntatzen diren haur kopuruaren arabera, «gastua aunitz aldatzen da: zenbat eta haur gehiago izan, orduan eta errazagoa da zerbitzua mantentzea. Udalarentzat sarrerak ez dira berdinak zortzi haurrekin edo laurekin». 

Bizirik segitzen badu hori «bertatik pasatu diren haurren gurasoei eta Udalaren eginahalari esker» izan dela adierazi du zinegotziak. Ez hori bakarrik: «Pelle-Ttikitik pasatu diren haurrak eta gurasoak gustura sumatzen dira zerbitzuarekin eta hori baloratzekoa da». Herrian haurrak badirela ere gaineratu nahi izan du: «goiti-beheitiak izaten dira, baina azken urteotan haurrak badira».
Sorreratik Pelle-Ttikiren aldeko apustu horri eutsi dio Udalak, baina gastu ekonomikoa orekatzeko asmoz, bertze proposamen bat ere egin zuten Udaletik aitzineko agintaldian: «ikasturte honetarako aurreikusitako matrikulen kopurua ttikia zela ikusita, aitzineko Udalak Pelle-Ttiki eta jubiloteka zerbitzua elkarrekin eskaintzeko proposamena egin zuen». Astean, zenbait egunez 1 eta 3 bitarteko Arantzako haurrak eta 65 urtetik goitiko aranztar jubilatuak elkartu eta «belaunaldien arteko harremanak lantzea aberasgarria zela pentsatu zuten». Martxo aldera bilera irekia egin zuten horren inguruan, baina azkenean, bere horretan gelditu zen.

Ikasturte honetan lau haur
Kontuak kontu, eta zerbitzuaren etorkizuna herrian solaserako gai izan bada ere, lehengo bidetik, haurrek hasi dute aurtengo ikasturtea Pelle-Ttikin. Zerbitzuak haurrak irailean edo ilbeltzean hasteko aukera ematen du eta batzuk hasiak eta bertzeak agudo bilduko dira taldera: lau guztira. Lehendik haur eskolan zebilen Nahia Elizalde Bertizekin batera, Mikel Barrenetxe Alzuri hasi da Pelle-Ttikin; urrian Haritz Iturria Galfasoro hasiko da eta ilbeltzean Argia De Rueda Alberdi. Eguerdira bitarteko tarteak pasatuko dituzte Pelle-Ttikin, Koldobike Gorostiza Uriguen berezko hezitzailearen ordezkapena egiten ari den Amaia Loiarte Lopez hezitzailearen ondoan. Emmi Pliklerren metodologian oinarrituta egonen dira, hau da, hezitzailea bidelagun dela, haurraren autonomia lortzeko bidean mugimendu askea eta metodoa landuz. 

Hori izanen da ikasturte honetako martxa. Etorkizunera begira, «epe luzeko aurreikuspenik ezin dela egin», dio Pikabeak. «Zerbitzua izatea hagitz positiboa dela uste dugu eta Udaletik zerbitzua mantentzeko ahal dugun guztia eginen dugu. Denborak erranen du zer gertatzen den. Dena ez dago Udalaren esku». 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun