Ekitaldiak bi gunetan izanen dira: Argaitzeko harrobia eta Herriko Etxeko Plaza. Igandean 11:00etan Argaitzeko harrobian lore eskaintza eginen zaie biktimei, harresian murala paratuko dute, musika (Petti) eta Berako harrobian gertatutakoaren informazio panelaren aurkezpena eginen dute. Gertatutako testigantzen pasarte batzuk ere irakurriko dituzte. 1936ko irailetik 1937ko urtarrilera 130 lagun baino gehiago fusilatu zituzten harrobian, Nafarroan fusilatu gehien izan ziren lekua toki memorialistiko izendatzea espero du Berako Udalak.
Harrobitik herrira, 12:00etan Herriko Etxeko plazan, Donamariako Mikel Iriarte Antxorena eskultoreak egindako oroitarri baten inaugurazioa eginen dute eta egileak berak artelanean irudikatu nahi izan duena azalduko du. Nafarroako Gobernuko eta udaleko ordezkariek hartuko dute hitza, baita errepresaliatuen senideek eta ondorengoek ere. Ohorezko aurreskua dantzatuko zaie omenduei eta bukatzeko Berako abesbatzak ere bi kanta abestuko ditu. Ekitaldi hauek guztiak Berako Udalak antolatuak dira herritar talde batekin batera. Nafarroako Gobernuak ere diruz lagundu du.
Hasiera batean, harrobitik herrirako bidean, Bidasoa karrikako etxebizitza batzuetan oraindik ageri diren ikur frankistak kentzeko asmoa zuten, baina hori aitzinerago eginen dute.
Nolabait, bestetako txupinazoan egin zitzaien omenaldiaren segida izanen da igandekoa, baina gehiago ere izanen direla iragarri dute.