«Urte aunitzez markatua egon den jende horrek aitorpena merezi du»

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 14a, 12:49
Fernando Berasain, bere amaren eta izeba-osaben argazkiarekin.

Fernando Berasain Gainza, errepresaliatuen senidea 

Bizitu zutena isilean gordez joan dira Gerra Zibileko biktima aunitz. Fernando Berasainek ere badaki zer den hori: «ama zenak ez zuen deus ere kontatzen gaiaz». 80 urte beranduago Maria Josefa amaren minak hor segitzen zuen seinale. Berasainen amaren eta aitaren aldeko familietan sufritu zituzten altxamendu frankistaren ondorioak. Aitaren aldetik, Fernandoren atatxi atxilotua egon zen; haren anaia bat, Enrique, errepublikanoen bandoan aritu eta ez dute bere berririk izan. Bertze anaia bat, ordea, nazionalen aldean hil zen gerran eta baldintza duinetan lurperatua izan zen. 

 

Amaren aldeko familia kanporatu egin zuten. «Nire attonak, Eleuterio Gainzak, Eloy Aldazabalekin ihes egin zuen» eta «nire ama, bere anai-arrebak eta amoña kamioi batzuetan sartu eta Saint Gilles Croix de Vieko (Frantzia) errefuxiatuen kanpalekura eraman zituzten». Han attonarekin egoteko aukera izan zuten. «Ama zena eta anai-arrebak kanpalekuan urte batez» egon ondotik, sorterrirako bidea hartu zuten: «lehenbizi ama eta anai-arrebak etorri ziren, eta izeba batzuekin bizitu ziren. Amoña denbora gehiagoz egon zen kanpoan». Attona ere Frantziatik Iparraldera hurbiltzen hasi zen: «lehenbizi Oletan eta gero Ainhoan aritu zen lanean».

Itzulera ez zen samurra izan: «etorri zirenean, gorriak eta komunistak ziren, eta bertze haurrek eta mojek seinalatu egiten zieten». Attona gerora itzuli zen Berara. «Hegoaldera pasatu zenean preso hartu zuten eta amoñak kuartelera sinatzera joan behar izaten zuen». Libre utzita ere, ez zen erraza izan bidea: «attonak ez zuen lanik. Fundicionesen ez zioten lanik eman gorria izateagatik. Nahiko trebea zenez, Bortzirietan kazuelak konpontzen hasi  zen». Fernando Berasainek kontatu digunez, «goserik ez, baina behar haundia izan omen zuten, ordaintzeko ez baitzuten dirurik». Haurra zela, «diru pizar bat ateratzeko» lanean ere aritu omen zen bere ama: «soldaduei arropa garbitzen aritu zen».

Azaroaren 18ko omenaldia «beharrezkoa» dela uste du Berasainek. «Ez dugu salatariak nor izan ziren adierazi nahi, bakoitzak jakin behar du bere aitzinekoek zer egin zuten, baina deus ere egin gabe, jende aunitzek sufritu izan du eta urte aunitzez herrian markatuak egon dira. Jende horrek aitorpena merezi du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun