«Bizitza izorratu ziguten baina ez dugu euren barkamen eskaerarik nahi»

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 14a, 09:47

Genoveva eta Carmen Aldazabal ahizpek gogoan ongi gorderik dituzte 1936ko gertakariak.

Genoveva eta Carmen Aldazabal Gorria errepresaliatuak

Carmen eta Genoveva Aldazabal Gorria beratar ahizpek ez dute erraz ahantziko 1936ko San Esteban eguna. Gaur egun 92 eta 90 urte dituzte; orduan zortzi eta bederatzi urteko neskatoak ziren. «Amak igandeko arropa jarri eta Berako plazara abiatu ginen. Ni hagitz kontent nengoen, igandeko arroparekin ikaragarri dotore nengoen», dio Genovevak. Baina agudo aldendu zitzaizkion kontent egoteko arrazoiak: «plazara ailegatu ginenean, bestarik ez zegoela konturatu nintzen; Berako ehun familia eta soldaduak zeuden han eta beldurra sentitu nuen». Orduantxe aditu zuena ere ongi hiltzatua du memorian: «guardia zibil bat mahai baten gainean jarri eta 'A Francia, a Gipuzkoa o a fusilar!' erran zuen».

 

Denek Iparraldera joan nahi zutela dio Genovevak, baina ez omen zen hala izan. «Gure familiak zortea izan zuen. Nire izebak hango soldadu bat ezagutzen zuenez, honek etxeko kotxean goitzeko baimena eman zigun eta Ibardinera abiatu ginen. Bertze familiak kamioietan goitu eta engainatuta Irun aldera bidali zituzten. Animaliak edo zaku patatak bailiran tratatu zituzten».

 

Familia errepublikarra

Carmen eta Genovevaren aita, Eloy Aldazabal, Errepublika garaian kultura zinegotzia izana zen eta fundizioen fabrikan UGT sindikatuko ordezkaria. Sebastiana Gorriarekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituzten: Maria Luisa zaharrenak 12 urte zituen orduan eta Pepito gazteenak hiru. Bi horiek hilik daude gaur egun. Carmenek gogoan duenez, «orduro aitaren bila etxera etortzen ziren, kotxe bati lotu eta arrastaka eraman nahi zuten, baina ez zuten topatu».

36ko besta egun hartan, aita non zuten jakin gabe joan behar izan zuten Ibardinera. Genovevaren hitzetan, «amonak atta Irunen zegoela jakin zuen, eta Ibardinera joan zen berria ematera. Dena pasako zelakoan, ni amonarekin gelditu eta ama eta anai-arrebak Irunera attarengana joan ziren, gero nire bila etortzeko asmoz». Baina biharamunean, Iparraldera pasatzea debekatu zuten eta «denbora luzez, ez nuen nire anai-arrebez eta gurasoez deus ere jakin. Gure bizitza erabat aldatu zen».

 

Batzuk Frantzian

Bertze hiru senideak eta ama, aitarekin elkartu ziren Irunen. Carmenek kontatu duenez, «attaren lehengusu batek etxea utzi zigun Irunen, baina segidan hasi ziren Erlaitzeko ka-noiak etxe hura jotzen, eta nazioarteko zubiaren ondoan zegoen izeba baten etxera joan ginen». Harat ere kanoikadak hasi ziren, eta zubi azpian egotera ailegatu ziren, «manta azpian». Handik Iparraldera pasatu eta trenean Frantziara alde egin zuten. Batetik bertzera ibili ondotik, «azkenean Bretainiara ailegatu ginen, Pariseko haurrak koloniak egiten zituzten eremu batera». Hiru urte eman zituzten han, 1936tik 1939ra: «eskolan hasi eta frantsesez ikasi nuen».

 

Eta bat Beran

Bitartean, Genovevak Beran segitu zuen, «beldurrak airean». Ez du ahantzia «osabaren etxean hiru egun logela batean gorderik» pasatu zituela. Erailak izanen zirenaren beldurrez, «izebaren baserrira eraman eta han gorde ninduten». Zortzi urterekin, ez zuela gehiegi ulertzen dio, «baina ikaragarrizko beldurra nuen, argi nuen ezin ninduela inork ikusi. Arratsero bi soldadu baserrira lotara etortzen ziren eta isil- isilik egoten nintzen sukaldean egokitutako logela batean gorderik. Noizbehinka arratsetan zakurrarekin buelta bat ematen nuen, haize pixka bat hartzeko». Aitortu digunez, «egun batean serorak ikusi ninduen, baina ez zituen izeba-osabak salatu». Urtebetez baserrian gorderik egon ondotik, «ezagun baten bitartez, osabak Frantziatik nentorrela zioten paperak egin zituen».Paperak lortuta, amonaren etxera joan zen. «Hasieran, ez nintzen jendeari begiratzera ausartzen, ikaragarrizko beldurra nuen. Eskolan hasi nintzen eta andereñoa, señorita Gloria, ezkertiarra zenez, hagitz ongi tratatu ninduen».

 

Begiz joak

80 urte baino gehiago pasatu badira ere, Genovevak ez ditu ahantziak orduko kontuak: «Berako toki batzuetara joateko salvoconducto» eraman behar izaten zela, «Bera soldaduz beterik» zegoela, «arratsetan argi guztiak itzaliak» egon behar izaten zutela, «harrobian jendea hiltzen» zutela eta «amonaren etxea harrobitik hurbil zegoenez, gauero tiroak» aditzen zituela... Beran «beldurra nagusitu» zen.Gerra ondotik ere, monjek «gaizki» tratatu zituztela dio. «Doktrina ikastera mojengana joan behar izaten genuen eta batean, mauka motza nuela eta, gela batean sartu eta irainka hasi zitzaizkidan gorrien alaba nintzelako. Haurra nintzen, baina argi nuen nire fa-miliak ez zuela deus ere egin».

1940. urtean, alemaniarrak Frantzian sartuak zirenean itzuli zen familia, lehenik Urruñara. Hegoaldera pasatu zirenean, ordea, aita urte eta erdiz Donostian kartzelan sartu zuten eta amak astero Berako Guardia Zibilaren kuartelean sinatu behar izaten omen zuen, senarra libre utzi arte.

Beratik bota zituzten ehun familietatik lau itzuli ziren. «Gure bizitza erabat izorratu zuten eta oraindik inork ez digu barkamenik eskatu». Baina garbi dute: «ez dugu euren barkamen eskaerarik nahi».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun