«Nire hiru osabek Frantziara ihes egin zuten eta ama, atatxi eta amatxi Beratik bota zituzten. Osabek Fundicionesen lan egiten zuten, eta nonbait, urte batzuk lehenago greba bat izan zenean, fitxatuak gelditu ziren». Erreketeak Berara ailegatu zirenean, «Berako jendearen laguntzarekin, ihes egindakoak zein ziren jakiteko etxez etxe» ibili omen ziren: «bi egunez itzultzen ez baziren, ihes egindakoen familiak Beratik botako zituztela adierazi zuten». Erran eta egin. 1936ko abuztuaren 3an, «soinean zutenarekin bakarrik kamioietan sartuta herritik bota zituzten». Ordurako Endarlatsako zubia botata zegoenez, txalupan pasatu zituzten Gipuzkoara: «amak kontatzen zuen, bi aldeetatik tiroka ari ziren bitartean, gonazpikoekin bandera zuria eginez pasatu zirela txalupan». Baionara joan ziren, eta handik Kataluniara, Arenys de Marrera. «Amatxi han hil zen. Atatxi eta ama gerra bukatutakoan itzuli ziren Berara, «etxea eurena baitzuten. Bertzela, han geldituko omen ziren».
Mehaxen aita ere errepublikarra zen: «beti Altzaten izaten zen Errepublikarren Etxean egoten zen. Bere bila heldu zirela jakin zuenean, ihes egin zuen, baina gero, errepublikarren bandoan borrokatu zuen. Kartzelan ere egon zen, Madrilen».
Beran pasatu zena «hiruzpalau beratarrek» salatu zutelako gertatu zela dio: «aunitzetan bertako jendea dugu etsairik haundiena». Baditu anekdotak: «gerora, atta Alkaiagako meatzean aritu zen lanean. Egun batean, nagusiak bere aurka salaketa paratu zutela erran zion, lanetik botatzeko eskatuz. Nagusiak ez zion salaketari kasurik egin, baina jendea nola zebilen jakiteko gertatu zena kontatu nahi izan zion aitari». Bertze anekdota amaren aldekoa du: «ama eta familia kanporatu zituztenean, frankistek biltegi bezala erabili zuten familiaren etxea». Ez hori bakarrik, «balioko gauza aunitz ebatsi zituzten». Tartean, amatxik Donibane Lohizuneko merkatutik ekarritako koadroa, «gerora, amak Berako bertze etxe batean ikusi zuen koadroa. 'Gure koadroa eta isildu behar', erraten zuen amak».