Izebaren idatzia
Gerrak Donostian ikasten topatu zuen Ane Mirenen aita. «hortaz, ez zen gehiegi jabetu Beran gertatzen ari zenaz». Baina Ane Mirenek badaki aski ongi aittittari zer gertatu zitzaion, izeba Martinak kontatuta. Izebak gertatutakoa idatzi zuen eta hori ongi gordea du ilobak. Honela dio idatziak: «1936ko uztailaren 18an, eskolatik atera eta karabinero eta jende andana ikusi genuen akademia aitzinean. Irakasleak errepidetik ez joateko aholkatu zigun, gibeleko aldetik joateko. Zeinek erranen zigun kuadrilla guztia klasean elkartuko ginen azken eguna izanen zela! Gauean, aita etxetik ateratzen eta sartzen sentitu nuen. Biharamun goizean, karrika nagusia Iruñetik etorritako militarrez eta txapel gorridun zibilez bete zen, eta sekula entzun gabeko kontuak aditu nituen. Goizeko hamarrak aldera, aita oraindik lo zegoenean, bi guardia zibil gure etxera etorri ziren aitaz galdezka. Orduan jakin nuen arrats hartan, herrian ezagunak ziren karabinero batzuk etorri zitzaizkiola Endarlatsara eramateko erregutuz, Bidasoaren bertze aldera, Irun aldera».
Izeba Martinaren arabera, «guardia zibilek armairu guztiak erregistratu zituzten eta horietako batetik Jesus haurtxoa atera zuten, eskolan Eguberrietarako egiten genituen errifen zozketan tokatu zitzaidana. Hori ikusitakoan herrian bertze Seminariorik ba ote zegoen galdetu zioten amari». Herrian guardia zibilen kuartelaren kontrako erasoan parte hartzea, kontrabandoa eta bere ibilgailuan jendea mugaz bertze aldera garraiatzen ibiltzea leporatuta atxilotu zuten Cesareo. «Zerbait leporatu behar zioten eta hori egin zioten», dio bilobak. Hasieran, Herriko Etxeko kartzelara eraman zuten eta handik bi egunetara, Iruñera.
1936ko abenduan epaitu eta fusilatu zuten taxista-gidaria, baina ez zuen halakorik espero, hil aitzineko egunean eskutitza igorri baitzion emazteari, bertzeak bertze, «gure errugabetasuna argituko dela pentsatzen dugu» erranez. Ez zen halakorik gertatu. Euskaldun marxista arriskutsua zela egotzita, heriotza-zigorrera kondenatu zuten. Hil aitzinetik hiru eskubide aitortu zizkioten: salatzaileak zein ziren jakitea, bere anaiaren ondoan lurperatzea eta familiari agur erratea. Hala jakin zuen familiak herritarrek salatu zutela Cesareo.
Aitaren galerarekin «min eta sufrimendu handia» pasatu zutela dio izebak idatzian, baita «diru eskasia» ere, «ondasunak konfiskatu» zizkietelako. Taxi-gidariaren autoa, erraterako, gerora Hondarribiko kapilau baten eskuetara pasatu zen. Halere, Martinaren hitzetan, laguntza ere izan omen zuten, «balioko gauza batzuk familiako lagun batek gorde zizkigun. Etxea azkar saltzea lortu genuen eta horri esker jatekoa izan genuen».
Sorterriarekin lotura
Familiak Bera halabeharrez utzi behar izan bazuen ere, bergararrak dioenez, ez zuten lotura hautsi: «aitak askotan eramaten gintuen Berara eta hango gauzak kontatzen zizkigun». Amamak, berriz, «behin ere ez zigun ezer kontatzen, beldurra ez dakit noraino sartua zuelako».