Lehen aldiz emakumeek osatutako talde batek irabazi du Lesakako Olentzero lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 26a, 08:18

Muttikak taldeak irabazi du Olentzero lehiaketa Lesakan. Lehen aldiz, emakumeek bakarrik osatutako taldea nagusitu da.

22 olentzero eta 4 jaiotza aurkeztu zituzten Plaza Zaharrean igande eguerdian

Igande eguerdiko olentzero eta jaiotza lehiaketan 26 taldek hartu zuten parte: 4 jaiotza lehiaketan eta 22 olentzero lehiaketan. Lehiaketa nagusian, zazpi talderen artea, neska gazte kuadrilla batek osatutako Muttikak taldeak irabazi zuen 300 euroko sari nagusia. Olentzero onenaren saria, Errekakuk taldeak eskuratu zuen eta hortaz, arratsaldean musika bandarekin kalejiran Muttikak eta Errekakuk taldeak atera ziren elkarrekin. Lesakako Zerbitzuen elkarteak hobekien kantatzen duen Olentzeroari emandako saria ere jaso Muttikak taldeak.

 

11-15 urteko kategorian, sei talderen artean, Olentzero zizelkatzen taldeak jaso zuen lehen saria, Olentzero arto lanetan taldeak bigarrena eta Bildotsak taldeak hirugarrena. Talde honek, gainera, aurten lehen aldiz Irrisarri Land-ek talde mistoek aurkeztutako olentzero politenaren saria jaso zuen. Egunotan Igantziko parkean ikusgai izanen da olentzeroa eta taldekideek bertan kantatzeko eta eguna pasatzeko aukera izanen dute.

10 urte arteko kategorian, bederatzi talderen artean, Olentzero trikitilari izan zen garaile, bigarrena Gizek eta hirugarrena Oletxondorra.

Jaiotza lehiaketan ere, kategoria nagusian Muttikak izan ziren garaile eta hobekien kantatu zuen taldearen saria ere eskuratu zuten. 10 urteko arteko kategorian Izedi taldea bakarrik atera zen eta beretzat izan zen saria.

Horretaz aparte, bertze Olentzero batzuk ere karrikaz karrika ibili ziren lehiaketatik kanpo. Lehiaz kanpo, modu berean, presoekin elkartasun olentzeroa ere atera zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun