Egonaldi luzeak egin ditu Olentzerok Anizko etxeetan

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 26a, 12:58

Olentzerori laguntzen ibili ziren aniztarrak etxez etxe. Argazkia: Maitane Maritorena

Urtea akitzeko afaria elkartean eta hasteko urtetxak bilduko dituzte 

Abenduaren 24an, igande arratsaldeko 5etan hitzordua egin eta Bentatik hasita etxez etxe ibili ziren Anizko haur, gazte eta gurasoak Olentzeroren panpina soinean zutela. Etxe guztietan jana eta edana ausarki izan ondotik, Askagainen akitu zuten 20:45ean. Lau ordu exkas Anizko etxeetan bakarrik, atera kontuak ze egonaldia luzeak egin zituzten etxeetan!

A

benduaren 31n, urtea elkarrekin akitzeko, elkartean afaria izaten dute zenbait aniztarrek. 

Urtea elkarrekin akitu, eta berria elkarrekin hasi. Ilbeltzaren 1ean, URTETX egunean, urtetxak biltzen ibiltzen dira aniztarrak, hontakoan ere etxez etxe. Goizeko 10:30ean izaten izaten da hitzordua, haur bakoitzak soinean mandar gisako bat izaten du sakel handi batekin urtetxak sartzeko. Etxez etxe joaterakoan urtetxen kantua kantatu eta etxekoandre edo etxekogizonak urtetxak botatzen ditu: mandarinak, giltxaurrak.... haurrek lurretik hartzen dituzte etxekoandre edo etxekogizonak botatako urtetxak eta soinean daramaten mandarrean sartzen dituzte.  

Eguerdi aldera, etxe guztietan kantatu eta urtetxak bildu ondotik, norbera bere etxerat joaten da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun