70 dantzari baino gehiagok parte hartu dute San Esteban eguneko dantzetan

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 3a, 13:21

IƱigo Arana buru zutela, hameka neska-mutilek dantzatu dute Bordondantza.

Azken hiru urteetan bezala, emakumeak ere aritu dira Bordondantza eta makildantzetan

Azken hiru urteetan bezala, Berako San Esteban eguneko Bordondantza eta Makildantza dantzatzen emakumeak ere aritu dira. Zehazki, bestetako dantza nagusian 4 neska aritu dira: Nahia Fagoaga, Ainhoa Berasategi, Saioa Irazu eta Iraia Gillenea, azken bi hauek lehen aldiz. Iñigo Arana aitzineskua eta Mikel Agara, Mikel Esnaola, Iñaki Eskudero, Jon de la Cruz, Xiker Lizardi eta Yerai Tabernarekin batera aritu dira. Aipatzeko da aurpegi berri aunitz izan direla aurtengoan. Paula Artieda eta Mikel Goienetxe ere aritzekoak ziren, baina azken orduko lesioengatik ezin izan dute plazara atera.

 

Ondotik dantzatu diren Makildantzetan eta Zahagi-dantzan ere neska-mutiko gehiago aritu dira, 56 dantzari denera.

Bordondantza baino lehen, Meza Nagusia izan da, Berako Abesbatzak kantatua. Iaz bezala, EH Bilduko alkate eta zinegotziek ez dute parte hartu prozesioan, elizako eta udaleko kontuak bereizi behar direlakoan, eta herriko bandera Herrirako taldeko Jose Antnio Oiarzabal zinegotziak eraman du. Josu Iparragirre eta Ane Berasainek dantzatu dute elizako Aurreskua.

Gero, plazan, herriko bandera dantzatu du Oiarzabalek zinegotziak, oraingoan bai, udal ordezkari guztiak inguruan zituela, Asier Osesek txistua eta Mikel Telletxeak atabala jotzen zuten bitartean.

Bandera Herriko Etxera igo ondotik dantzatu dituzte Bordondantza eta Makildantzak eta ondotik, Eneko Lazkoz eta Iratxe Ibarra aritu dira bertso kantari plazan eta Ezpelur gaiteroak Ibardinen barna. Arratsaldeko dantza saioaren aitzinetik, Incansables txarangak ere joko du San Jose Zahar Etxean

 

Arratsaldeko Aurreskua

Goizeko dantzen ondotik, arratsaldeko Aurreskuaren txanda izan da. Ezpatadantzariek, neska kapitain baten etxean, Nahia Fagoagaren etxean berendua hartu eta joan dira plazara. Nahia Fagoagarekin batera, Ane Berasain izan da nesken bertze kapitaina. Mutilei dagokienez, Josu Iparragirre eta Yerai Taberna izan dira aurreskua eta atzeskua.

Aitzinesku eta atzeskuekin batera, Paula Artieda eta Mikel Esnaola, Ane Pacheco eta Oier Larretxea, Ane Elzaurdia eta Xiker Lizardi, Uxue Anzizar eta Joseba Bergara, Iraia Gillenea eta Mikel Castillo, eta Arantxa Sese eta Iñigo Arana aritu dira arratsaldeko Aurreskuan. Hemen ere berdintasunerako urratsak urratzen ari direnaren seinale, Nahia Fagoagak dantzatu dio aurreskua Josu Iparragirreri eta Yerai Tabernak Ane Berasain-i.

 

Dantza saioaren ondotik, Berako Musika bandak ere bere emanaldia eskaini du eta egunero bezala, dantza herrikoiak izan dira Altzateko karrikan, Ezpelur gaiteroen laguntzarekin.

 

Oraindik hiru egun aitzinetik

Abuztuak 4, ortziralea

09:00 Musika eskolako biolin taldea Dornakun ibiliko da, eta Ezpelur gaiteroak Zalain auzoan. 11:00 Berako igerilekuan haur eta gazteentzat XXX. Igeriketa Txapelketa. Antolatzailea: Gure Txokoa Elkartea. 12:30 Danborrada Herriko etxea plazatik Altzateko plazara. 20:00etan Herriko etxea plazan. 13:00 Kukaña Illekuetan. 14:30 Muixte! bazkaria (Berako herri mugimenduak antolatuta) Altzateko plazan (eguraldi txarra eginez gero, Altzateko frontoian). Txartelak salgai Katakun eta Errekalde ostatuetan. Ondotik, poteoa Incansables Txarangarekin. 18:00 Aspeko Pilotari profesionalen arteko partidak Eztegara pilotalekuan. Partida nagusian, Irribarrea eta Rezusta, binakako txapeldunak, Altuna eta Zabaletaren kontra ariko dira. Bigarren partidan, Ander Errandonea eta Iñigo Martinez herritarrak, Retegi Bi eta Adur Lasaren kontra riko dira. Sarrera: 25 euro (atzeko paretan 15 euro) Salgai Puri-enean eta Zalainen. 18:00 Haurrentzako ikuskizuna: Dj Porru Altzateko pilotalekuan. 20:00 Etxera! Elkartasun kalejira Mukixutik Altzateko plazara. 21:00 Dantza herrikoiak Ezpelur gaiteroekin Altzateko karrikan. 00:00 Kontzertua Anari eta Kaskezur taldeekin eta ondotik Tirry Tery dj-arekin. Egun osoan zehar Incansables Txaranga karrikaz karrika ibiliko da.

 

Abuztuak 5, larunbata

09:00 Musika Eskolako trikitilariak eta Pandejoleak Suspelan ariko dira, eta Ezpelur gaiteroak Kaule auzoan. 10:00 Plater tiroa, ehiza ibilaldia modalitatean. Ondotik, txistorra eta xingarra denen-tzat. Antolatzailea: Berako Ehiza eta Arrantza Elkartea.11:00-13:00 Puzgarriak Eztegara pilotalekuan. 12:30 Erraldoiak eta buruhandiak Ezpelur gaiteroen laguntzarekin ibiliko dira Agerran 13:00 Kukaña, Illekuetan.14:00 Kantu bazkaria Altzateko pilotalekuan. Antolatzailea: Labiaga Ikastola. 16:00-18:30 Puzgarriak Eztegara pilotalekuan. 18:00 Kukaña, Illekuetan. 19:00 Migattuak Herriko etxea plazan. 19:30 Kontzertua Altzateko plazan Azken trena taldearekin. 21:00 Dantza herrikoiak Ezpelur gaiteroekin Al-tzateko karrikan. Ondotik Zezensuzkoa aterako da Altzateko karrikan. 00:00 Kontzertuak Altzateko plazan: Petti eta etxeko uzta eta Drumkopters.

 

Abuztuak 6, igandea

09:00 Bera kantari eta Ezpelur gaiteroak Garaitarreta eta Suspelttiki auzoetan ibiliko dira. 12:00 Erraldoiak eta buruhandiak, Altzatetik Herriko etxera, Incansables Txarangak lagunduta.14:30 Herri bazkaria Herriko etxeko plazan  (eguraldi txarra eginez gero, Altza-teko pilotalekuan). Txartelak salgai abuztuaren 1era arte, Errekalde eta Xuga ostatuetan. Txartela: 16 euro. 18:00 Kuadrillen jautsiera. Plazatik plazara. 18:00 Haurrentzako ikuskizuna: Txantxariak (Urtxintxa) Altzateko pilotalekuan.(eguraldi txarragatik, leku honetan herri-bazkaria egin behar izanez gero, ekitaldia Eztegara pilotalekura pasatuko zen). 18:00 Kukaña, Illekuetan. 19:30 Berbena Altzateko plazan Tximeleta taldearekin. 21:00 Dantza herrikoiak Ezpelur gaiteroekin Al-tzateko karrikan. Ondotik Zezensuzkoa aterako da Altzateko karrikan. 23:00 Berbena Altzateko plazan Tximeleta taldearekin. Egun osoan zehar Incansables Txaranga karrikaz karrika ibiliko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun