Txistu bizian piztu dute besta Beran

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 2a, 14:20

Txistulari taldea, txupinazoa bota baino lehen Herriko Etxean.

Txistulari taldeko Iker Osuak eta Asier Osesek bota dute lehen suziria eta lehen aldiz emakume bat, Dorleta Peña, aritu da erraldoiekin dantzan

Nahiz eta aitzineko egunetan hainbat ospakizun egin, abuztuaren 2an, asteazken eguerdian bota den txupinazoarekin abiatu dira ofizialki Berako bestak. Berako txistulari taldeari egokitu zaio aurten lehen suziria piztea. Gainera, bestak hasi baino lehen ere, kalejiran hurbildu dira Herriko Etxera. Taldeko beteranoenak, Josu Goia eta Alberto Retegi dira, baina etorkizunera begira, Iker Osua eta Asier Oses txistulari gazteek piztu dute lehen suziria.

 

Beraiekin batera, Iraia Zapiain, Naroa Otamendi, Alaitz Iriarte, Sara Altzuguren, Julen Lasarte, Maialen Gomez, Izaro Etxepare, Oscar Sebastian, Josema Iriarte, Miguel Telletxea ‘Txino’, Aitor Irazoki eta Beñat Iturria izan dira Herriko Etxean.

Gaur egun, 15-20 lagunek osatzen dute taldea eta ofizialki, batez ere bestetan, bezperan eta San Esteban egunean eta Besta Berri egunean elkartzen dira.  Horretaz gain, Gure Txokoako dantzariekin, Olentzeron eta Diostesalben ere ibiltzen dira. Taldea bera zehazki noiz sortu zen ez dakite, baina XIX. mendean baziren txistulariak. Zenbait gorabehera ere izan ditu taldeak eta, erraterako, duela ia mende bat, azaroak izan zituzten udaletxearekin. Gaur egungo taldekideen artean, Josu Goia da beteranoena. «Duela 50 urte hasi nintzen, 20 urterekin», aipatu digu. Alberto Retegik, berriz, 1971-1972 urte inguruan hasi zela gogoan du.

Lehen suziriak piztu eta ezkil jotzearekin batera lehertu da besta Beran. Erraldoi konpartsak lehen dantza egin du plazan bertan eta lehen aldiz, emakume batek, Dorleta Peñak dantzatu du Lamia erraldoiarekin. Aipatzekoa da lan kontuengatik bezperan posible ez bazuen ere, igandean Inma Danborienak ere dantzatuko duela erraldoia. Bi emakume hauez gain, Jon Dozagarat, Luis Mir eta Josu Ostiz ere berriak dira aurten konpartsan, talde utzi duten beteranoen ordezko. Eta etorkizuna segurtatua dagoela eta erraldoiak dantzatzea erakutsiz, Jon Dozagarat eta Asier Altzuri (Dorleta Peñaren eta Ander Altzuriren semeak, hurrenez hurren) haurrek ere beraien neurriko erraldoia dantzatu dute txandaka. Erraldoi eta buruhaundi konpartsak bere dantza eta korrika saioak egin ditu, Ezpelur gaiteroen eta Incansables txarangarekin batera. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun