Bestabusa martxan izanen da Berako bestetan ere

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 3a, 10:38

Asteburuan eskainiko du zerbitzua eta 5 euro gostako da joan etorria

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ekimenez, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, Bestabusa zerbitzua izanen da bortz herrietako bestetan. Lehen zerbitzuak Lesakako Sanferminetan eskaini zituzten eta orain, Beran ere izanen da asteburuan, ortziralean eta larunbatean (abuztuak 4 eta 5).

 

Berara joateko, Arantzako aparkalekutik 20:45ean abiatuko da lehen autobusa eta 23:00etan bigarrena; Igantziko Bi-bidetik 21:00etan eta 23:15ean pasako da eta Berako Euskaldunan utziko du jendea 21:15ean eta 23:30ean; Etxalarko Landaburuatik 21:30ean eta 23:45ean eta Lesakako suhiltaile parkean 21:45ean eta 00:00etan jendea hartu ondotik, berriz ere Euskaldunan utziko ditu, 22:00etan eta 00:15ean.

Itzulerakoak Euskaldunan hartu beharko dira 04:00etan eta 06:00etan Etxalar, Igantzi eta Arantzara joateko eta 03:30ean, 05:30ean, eta 07:15ean Lesakara joateko. Joan-etorria 5 euro kostako da.

Bestabusa parranda egiten duenak trafiko arriskuak izateko aukera gutxiagotzeko zerbitzua da, hala ere aukera hau aprobetxatu nahi dute Gizarte zerbitzutik, kontsumoaren inguruko hausnarketa eginarazteko bai alkohola, tabakoa edo bertze sustantzien inguruan: “Ongi pasa pasatu gabe! Bakoitzak bere erabakia har dezala eta bertzeena errespetatu!!”.

Bortzirietako gainontzeko herrietako bestetan eta Arantza Rock jaialdian ere izanen da Bestabusa. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun