Hemen dugu Baztandarren Biltzarraren 61. edizioa eta elkarteko kideen erranetan, «nabariak dira urduritasuna eta gogoa. Urte batez gehiago bizirik dirauen besta honetan azpimarratzekoak dira elkartasuna, auzolana, identitatea eta nola ez, euskara».
Uztailaren 21ean ospatuko da besta eta urteroko egitaraua izanen du: 10:00etan artisauen azoka Pedro Axular karrikan eta 11:00etan abiatuko da orgen desfilea. 13:30ean mutildantzak plazan eta 14:30ean bazkaria. 16:00etan komunikatua irakurriko dute, zozketa eginen dute, Elektrotxorongo taldeak musika joko du eta orgen sariak banatuko dituzte, ondotik dantzak izanen dira. Bestak arratsaldean izanen du segida: 19:00etan Gabezin, 21:00etan Elektrotxorongo, 22:00etan Trikidantz eta 00:00etatik aitzinerat Axolot Selektah DJ. Bokatak afaltzeko aukera ere izanen da.
Aurten Elizondoko Eskola Publikoa izanen da banderaduna desfilean, «izan ere, eskaintzen duten D ereduari esker, urte aunitzez herrietako haurrak euskaraz hazi eta hezi dituzte, belaunaldi berriak euskaldunduz. Gainera, azkeneko urteetan, haurren hezkuntza kalitatea bermatzearen alde, hainbat proiektu burutu dituzte eskolan. Horiek ere, Baztandarren Biltzarra bezala, auzolanari esker aitzinera eraman dituzte familia, ikasle eta irakasleen konpromiso eta borondateagatik. Elkarren artean partekatzen dugun guztiarengatik, ospa dezagun elkarrekin!».
Horrez gain, «aurten ere besta seguru baten alde eginen dugu, protokolo feminista batekin eta herritarron konpromisoa eraikiz. Brigada Morea izanen da Baztandarrenen egunean eta baita aitzineko gauen ere. Animatu besta ereduan normalizatuak dauden hainbertze jarrera bortitz birpentsatzera eta nahi dugun moduan janzteko aukera izatera. Gona edo galtza, garrantzitsuena elkarrekin errespetuz jokatzea da».
Gainera, erabakiak hartzean «karrikako erranak eta galdetegian atera ziren proposamenak» kontuan hartu ditu elkarteak. Hori dela eta, herriek egin ohi duten ostatu txandak kentzea erabaki dute, eta horren ordez, herri bakoitzaren ardura izanen da bazkariko mahaia biltzea.
Azkenik, «besta aitzinera ateratzeko egiten diren auzolanetan parte hartzera» animatu dituzte baztandar guziak.
Desfilerako prest
Baztandarren Biltzarrak ekitaldi nagusirik badu, hori orgen desfilea da. Lan ederra egiten dute herri guziek orga prestatzeko, eta emaitza Elizondoko karriketan ikusten da. Eta doike, elkarteak orgarik hoberenak sarituko ditu aurten ere. Horretarako, sei irizpide kontuan izanen dituzte: originaltasuna, euskararen erabilera, genero ikuspegia, janzkera eta antzerkia, animalien zaintza eta antolakuntzarekiko errespetua.
Azken hamar urteetako irabazleei begiratuta, bi herri nagusitu dira bertzeen artean; Zigak eta Gartzainek lortu dituzte garaipen guziak. Zein herri gailenduko da aurten?
2014-2023 urteetako irabazleak | |||
Urtea | 1. saria | 2. saria | 3. saria |
2014 | Gartzain | Berroeta | Elbete |
2015 | Gartzain | Elizondo | Elbete |
2016 | Gartzain | Berroeta | Elbete |
2017 | Ziga | Gartzain | Berroeta |
2018 | Ziga | Gartzain | Elbete |
2019 | Ziga | Gartzain | Berroeta |
2022 | Ziga | Gartzain | Elbete |
2023 | Gartzain | Ziga | Elbete |
Gan-torri autobusa
Aurten ere goizean Elizondorat joateko eta gauez herrietarat bueltatzeko busa prestatu dute elkarteko kideek udalaren laguntzarekin. Joateko bi autobus izanen dira, bat Basaburutik eta bertzea Baztangoizatik.
- Basaburutik: Almandozen 09:30ean, Berroetan 09:40ean, Anizen 09:45ean, Zigan 09:50ea, Oronoz-Mugairin 10:00etan, Arraiozen 10:10ean, Iruritan 10:15ean, Lekarozen 10:20ean, Gartzainen 10:25ean eta Elizondon 10:30ean.
- Baztangoizatik: Amaiurren 09:45ean, Erratzun 09:55ean, Arizkunen 10:00etan, Azpilkuetan 10:10ean eta Elizondon 10:30ean.
Bueltatzeko ere hainbat bus izan dira bi noranzkoetara:
- Basabururat: 00:00etan, 01:00etan, 02:00etan, 03:00etan eta 04:00etan.
- Baztangoizarat: 00:30ean, 01:30ean, 02:30ean, 03:30ean eta 04:30ean.