Bestak 2024

«Orga prestatzean sortzen den giroak Ziga bizirik dagoela erakusten du»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 19a, 11:00

25 eta 29 urteko anai-arreba zigatarrak dira Amaia eta Xabi Sarratea. Ttiki-ttikitatik bizitu izan dute etxean Baztandarren Biltzarra, «ez da urterik izan orgarekin edo desfilean parte hartu ez dugunik; kartela eramaten, antzerkian parte hartzen, trikitixa jotzen, traktorean... beti saltsan ibili gara». Izan ere, «besta arras berezia da, adin guzietako jendea elkartzen duena eta Baztango bizipenak ezagutzeko aukera ematen diguna».

Etxeko atean egiten dute urtero herriko orga, eta beti izan dira esku bat botatzeko prest, «ttikiak ginelarik bazterrak nahasten laguntzen baino gehiago, segur aski».

Azaldu dutenez, «normalean hilabete bat edo hiru aste lehenago hasten ditugu prestaketak». Baina ez da beti hala izaten, «helikopteroa egin genuen urtean hilabeteak lehenago hasi izan ginen, eta 50. urteurrenean, eliza egin genuenean, maiatza aldera».

Azken urteetan «lan talde polita osatu dugu eta lanak banatzen ditugu. Batzuk artistak dira orga eraikitzen eta bertzeak hobeki moldatzen dira sormen lanetan (antzerkia, kartela, janzkera...) edo materiala eta informazioa biltzen».

Hala ere, orgarako ideia originala pentsatzea «geroz eta zailagoa dela» aitortu dute, «urte aunitz dira besta ospatzen dela eta urtero herri bakoitzak istorio desberdina kontatzen du. Pentsatzeak buruko min aunitz ekartzen dizkigu baina, ideia izanda, gogotsu aritzen gara lanean. Herriko helduen bizipenak gogoz aditzea nahikoa da errepresentazio polita egiteko».

«Gustura aritzen gara eta sariek ondoko urtean berriz ere gogotsu aritzeko motibazioa ematen digute»

Xabi eta Amaia SARRATEA URRUTIA

Eta lanaren emaitzak ezin hobeak izan dira azken urteetan; «gustura aritzen gara eta sariek ondoko urtean berriz ere gogotsu aritzeko motibazioa ematen digute». Aurten ere, «ilusio haundiz ari gara orga prestatzen».

Zigak egindako orga guzien artean, Xabik 2007koa nabarmendu du; «lehenbiziko aldiz parte hartu nuen desfilean eta helikopteroaren gainean atera nintzen». Amaiak, berriz, 2022koa; «trilladora batekin baserriko lanak irudikatu genituen, eta berezia izan zen gure etxeko historia eta bizipenak kontatu genituelakoz».

Bestaren aitzineko egunetako giroa azpimarratu dute; «jendea hurbiltzea, azken ukituak, merienda-afariak... Ziga bizirik dagoela erakusten du». Eta egunean ere, «Elizondorat orgarekin jaistea, gosaria, urduritasuna, desfilea... giro ederra sortzen dugu».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun