Bestak 2024

«Lanak banatzen ditugu eta bakoitzak ahal duena egiten du»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 19a, 10:00

Irudia: Festak.com

Gartzainen bizi den 25 urteko gaztea da Andoni Galarregi, eta beretako, «Baztandarren Biltzarra arras egun seinalatua da. Lan aunitz egin behar den arren, aunitz disfrutatzen dugu. Urte guzian egun horren zain egoten gara».

Ttiki-ttikitatik bizi izan du eguna: «betitik ezagutu dudan ohitura da, eta hamar urteak arte herriaren kartela eramaten ibiltzen nintzen». 13-14 urte zituela, berriz, orgarekin laguntzen eta desfilean parte hartzen hasi zen, «eta geroztik urtero atera naiz desfilean parte hartzera».

«Lan gehiena azkeneko astean egiten da»

Andoni GALARREGI ALEMAN

Orga prestatzen hasteko, «normalean hilabete bat lehenago elkartzen gara ideiak partekatzeko, gaia aukeratzeko eta materiala biltzen hasteko». Baina, aitortu duenez, «lan gehiena azkeneko astean egiten da». Orokorrean, lehenbizi lagun guti biltzen gara, eta azken egunetan gehiago elkartzen gara, orga akitu eta arropak zein materialak biltzeko. Lanak banatzen ditugu, eta bakoitzak ahal duena egiten du».

Orga egiteak lana eskatzen badu ere, ideia pentsatzea ez da lan makala. «Urtero gaia pentsatzea arras zaila egiten zaigu. Gai berria edo oraindik egin ez den zerbait egitea izaten da gure helburua. Gaia pentsatzea da zailena, baina pentsatutako ideia guzia orga batean adierazteak du lanik handiena».

Azken urteetan lortutako emaitzekin «arras kontent» daude; «egindako lanak merezi duela ikusi dugu». Hala ere, «irabazteko, ez dago sekreturik: lan txukuna egitea eta detaile guziak kontuan izatea da guretako garrantzitsuena».

Gartzainek azkeneko urteetan egindako orga guziak gustuko baditu ere, «lehenbiziko aldiz irabazi genueneko orga nabarmenduko nuke, lehenagoko baserriko lanei buruzkoa».

Aurten ere desfilean aterako dira, eta prestatzen hasiak dira horretarako. Hala ere, «geroz eta zailagoa da elkartzea, lan eta ordu aunitz eskaini behar zaizkio eta bakoitzaren bizitzarekin bat egitea ez da erraza».

Zailtasunak zailtasun, egun handirako gogotsu dago Galarregi, eta argi du zer eginen duen: «goizean goiz elkartu eta azken prestaketak akitu, Elizondoko buelta egin, eta eguna besta eder batekin akitu!».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun