Duela zazpi urte abiatu zuen Baztango Udalak bailararekin zerikusia duten ikasketa akaberako lanak eta proiektuak diruz laguntzeko beka. Geroztik, hamaika lan saritu dituzte 500 euroko dirulaguntzarekin. Ekimenaren helburua argi dute: «Baztango ikasleen artean Baztani eta Baztango geroari buruzko kezka eta interesa piztea, eta beraiek egin beharreko lanak edo proiektuak helburu horretarako egitea».
Aurten hiru lanek lortu dute beka: Anne Garmendia, Aroa Urteaga eta Beñat Verde elizondoarrak izan dira saridunak, eta urtebeteko epea dute haien lanak aurkezteko.
Garmendia Haur Hezkuntzako Irakasle graduko ikaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Adingabeek familia barnean pairatzen dituzten tratu txarren azterketa egiten ari da, Baztango hainbat departamenturen arteko koordinazioa ikertuz eta protokolo bat garatuz.
Urteaga Sorkuntza eta Diseinuko gradua egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren fakultatean. Baztango herriak irudikatuko dituen grabatu bilduma bat sortzea da bere lanaren helburua, bailarako historia eta tradizioak modu grafikoan bilduz.
Azkenik, Verde Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza ikasten ari da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Onddoek eragindako eritasunekiko toleranteak diren mahastien azterketan datza bere lana, eta Baztanen mahastizaintzak eta ardogintzak duen potentziala ere ikertuko du.
Hamaika dirulaguntza
Hauek dira orain arte beka lortu duten lanak: Turismoa Baztanen; XVII-XVIII. mendeetako goi-mailako etxeen tipologia; Mutil-dantzak eta emaztekien parte hartzea; Baztango haur eskolaren proiektu pedagogikoa; Amaiurko euskararen berezitasunak; Emakume etorkinen egoera; Baztango nekazaritza XVI. mendetik XVIII. menderat; Baztango turismoa iraunkorra al da?; Baztango kaparetasun unibertsalaren bilakaera; Anizko Jauregia esnekietarako postretarako esneki berri baten diseinua; eta iazkoa, Autokontsumo partekaturako potentzialitate fotovoltaikoaren azterketa Berroetan.