«Ez dut betitik argi izan irakasle izan nahi nuenik. DBH akitu nuenean erdi eta goi mailako zikloak egin nituen, eta Haur Hezkuntzako goi zikloa egin nuenena ohartu nintzen hortan lan egin nahi nuela. Formakuntza sakontzeko gradua egitea erabaki nuen eta arras kontent nago erabakiarekin. Zaila da hain gaztetatik zure etorkizuneko lanbidea erabakitzea eta nire kasuan, prozesuan jasotako aholkuak ez ziren lagungarriak izan. Bide luzea hartu dut, baina bide bera hartuko nuke behin eta berriz».
Gradua akitzeko, gazteek familia barruan bizitzen dituzten tratu txarren detekzio goiztiarra aztertuko du eta kasu hauetarako protokolo baten proposamena diseinatuko du. «Arlo praktikoa garatzeko, Baztango Gizarte Zerbitzuei, Foruzaingoari, Elizondoko pediatrei eta Baztan Ikastolako irakasleei galdetegia pasako diet. Horrela, profesionalen ezagutzari eta haien arteko lan koordinazioari buruzko informazioa lortuko dut». Hain zuzen ere, «bertako departamentuen eginkizunak ezagutzeko eta hemengo haurrei laguntzeko» erabaki du lana Baztanen oinarritzea.
«Adingabeek familia barnean pairatzen dituzten tratu txarrez ez da behar bezain bertze mintzatzen, eta aunitzetan pentsatzen dugu gure herrialdean edo eskualdean ez dela horrelakorik gertatzen. Gogorra egiten zaigu pentsatzea gure inguruan ere horrelako egoerak izaten direla, lagunek, barrideek edo ikasleek bizitzen dituztela». Baina arazo larria da, «eta guk uste baino gehiagotan gertatzen da. Gainera, egoerak larritu egiten dira gaiarekiko ezagutza eskasa dugulakoz gizartean».
Hauen detekzioa hobetzeko, «ezagutza izan behar dugu; tratu txar motak, haur eta gazteen adierazle fisikoak edo jokabidezkoak… eta arrisku eta babes faktoreak kontuan hartu behar dira, inguruak ere informazio aunitz ematen baitigu». Gainera, «horrelako kasuetan gure esku-hartzea zein den jakin behar dugu, herritar, irakasle edo bertze edozein profesional gisa». Azkenik, «erakundeen arteko koordinazioa ezinbertzekoa da, esku-hartzean bakarrik ez zaudela jakiteko eta haurrari kalitatezko laguntza eskaintzeko».
Marrazkien analisia ere landuko du proiektuan; «arras baliabide baliotsua da haurren inguruko informazioa eskuratzeko. Marrazkietan eguneroko bizipenak eta elkarrekintzak adierazten dituzte, eta haien nortasuneko ezaugarriak edo bizi dituzten egoera emozionalak antzemateko aukera eskaintzen dute». Analisiaren bidez «detekzio goiztiarra eman daiteke. Haurraren inguruko behaketa sakonagoa egitean, tratu txarrak pairatzen dituela frogatzeko aukera izan dezakegu».
«Gaiaz gutti solastatzen delakoz» erabaki zuen beka deialdira aurkeztea; «gaia plazaratzeko aukera paregabea da. Gainera, horrelako ekimenek Baztani buruzko ikerketak egitera bulkatzen gaituzte, lana errealitatetik hurbil egiteko aukera emanez».
Azkenik, «eskerrak eman nahi dizkiet departamentu guzietako profesionalei galdetegia betetzeko tartea hartzeagatik, eta bereziki Baztan Ikastolako irakasle eta hezitzaile taldeari eta Fernando Trebol nire lanaren tutoreari».