Beñat Verde Mugiro

«Etorkizunean biztanleei kalitatezko elikagaiak helarazi ahal izateak motibatzen nau»

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 7a, 10:30

«Beti ikasteko eta egunez egun hobetzeko prest» dagoen 21 urteko elizondoar gaztea da Beñat Verde eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza ikasten ari da NUPan.

«Etorkizunean munduko biztanleei kalitatezko elikagaiak helarazteko helburuarekin lan egiteak aunitz motibatzen nau. Ikasketekin arras kontent nago; aunitz ikasten ari naiz eta giro ezin hobea daukagu». Graduan nekazaritzaren eta abeltzaintzaren funtsak landu eta aztertzen dituzte: «labore bakoitzaren ezaugarriak eta horiek nola landu, nekazaritza ereduak, abereen elikagai beharrak… eta klima aldaketari aurre egiteko teknikei edota honen ondorioak leuntzeko irtenbideei ere garrantzia haundia ematen diogu».

Azkeneko urtea du aurten, eta Gradu Akaberako Lan gisa, «leku hezeetan mahatsa eta ardoa modu jasangarrian ekoitzi ahal izateko aukera frogatzea» du helburu. «Izan ere, onddoen eritasunak arras ugariak dira eta orain arte, horiei aurre egiteko irtenbide bakarra produktu kimiko aunitz erabiltzea izan da, ingurumenerako batere osasungarria eta jasangarria ez dena. Horregatik, eritasun horiekiko toleranteak diren mahasti barietate batzuekin frogak egiten ari gara».

Bertzalde, «Baztanek mahastizaintza eta ardogintzarako daukan potentziala aztergai paratuko dut. Momentuz ibilibide motza du, baina ematen ari diren pausoak handiak eta onak dira, bi proiektu sendo eta interesgarriren bitartez. Hala ere, aunitz dago egiteko». Gainera, «nekazaritzan lurra zaintzea ezinbertzekoa da, eta bide horretan, arras interesgarria da ekologikoan lan egitea».

Mahastiak aztertzeko prozesua luzea da; «otsailean, kimatzea egiten denean, barietate bakoitzak ekoitzitako egurra neurtzen da, moztutako xirmenduak pisatuz; hori mahasti bakoitzaren kemenaren adierazle da. Martxoa hasieratik aitzinera, mahastiak ernatzen hasten dira eta astean behin joan behar da mahastia begiratzera, garapenaren zein egoeratan dauden ikusteko. Datu horiek antolatzea eta ondorioak ateratzea da lanik zailena».

Praktikak EVENAn egin zituen, eta Baztango ikerketa proiektua egitea proposatu zioten, «eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Handik aste batzuetara beka deialdia atera zen, eta baldintzak bete nitzakeela ikusita, aurkeztu nintzen. Lanaren laburpen memoria bat prestatu behar izan nuen, baina fabore egin zidan, lana fiteago aitzineratu ahal izan bainuen». Dirulaguntzak «praktiketara eta mahastietara kotxez egindako joan-etorrien gastua apalduko du, eta langileago izateko motibazioa dakar».

Baztanek aitzinera egin dezan, «gazteok ikasketa maila ona izatea ezinbertzekoa da, gu baikara etorkizuna. Horrelako ekimenek ikasketekin gogotsu segitzeko indarra ematen dute. Ikasketak akitzear dauden guztiak norbere herriarekin erlazionatutako lanak egitera animatuko nituzke, uste ez badute ere, edozein alorretan garatu daitezkeelako lanak. Proiektu hauek eraginkorragoak dira eta onuragarriak egilearendako, bailararendako eta biztanleendako ere».

Erlazionatuak

Baztan aztergai duten proiektuak

Ttipi-Ttapa 2023 mai 07 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun