Aroa Urteaga Amiano

«Baztan ikusten dudan moduan erakustea da lanaren helburua»

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 7a, 10:00

21 urteko neska elizondoarra da Aroa Urteaga, Sorkuntza eta Diseinuko ikaslea EHUn.

«Ttikitatik izan dut artearen inguruko interesa, pintura eta marrazketa ikastaroak egiten nituen, eta horregatik erabaki nuen arte ederren gradua egitea. Egia da, gradu gehienetan bezala, orokorregia dela eta gustuko duzuna eskas gelditzen dela, baina pozten naiz hartutako erabakiaz».

Gradu Akaberako Lanean, «Baztango herri bakoitzak dauzkan bi elementu nagusi irudikatuko ditut, guztira 30 marrazki sortuz». Klasean «teknika aunitz lantzen dira, batzuk gustukoagoak eta bertzeak ez hainbertze, eta proiektu honetan eroso eta atsegin duzun teknika aukeratzea garrantzitsua da, hilabeteak iraunen dituelako». Horregatik, grabatu teknika erabiltzea erabaki du, «konkretuki punta lehorra: azetatozko xafla lodi batean puntzoi batekin marrazten da, gero tinta botatzen da eta torkulu baten bitartez marrazkia paperean estanpatzen da». Hasmentan, «ez nekien ziur zeri  buruz egin lana, baina Baztan hainbertze maite dudanez, argi nuen ez zitzaidala astuna eginen. Gainera, bailararendako opari moduko bat dela erranen nuke».

Hala ere, «marrazkiak egiteko prozesua errazena da. Zailago suertatu zitzaidan informazioa bilatzea eta zein marrazki eginen nituen erabakitzea, herri bakoitzetik bi elementu bakarrik aukeratzea ez baita ariketa erraza». Liburu aunitzetan kontsultatu ondotik, «arras pozik nago lortutako emaitzarekin. Batzuk eraikin garrantzitsuak dira eta bertze batzuk tradizioarekin lotuak daude».

«Bertzeek Baztan nik ikusten dudan moduan ikustea» da proiektuaren helburua, «bailara honek dauzkan herri, auzo, eraikin, tradizio eta gune naturalak azpimarratzea eta nik nire begiekin antzematen dudana grafikoki erakustea. Ez da Baztandik kanpo bizi den jendeari bakarrik bideratua, baita hemengo biztanleendako ere». Izan ere, «urteak joan urteak etorri, bailararen tradizioak eta historia galtzen doaz. Horregatik, bertze motibazioetako bat hauek guztiak modu labur batean biltzea izan da».

Abenduan hasi zuen proiektua; «Eguberrietan informazioa lortu eta lehendabiziko zirriborroak prestatu nituen, urtarrilean marrazki definitiboak aurkeztu nizkion tutoreari eta estanpazioekin hasi nintzen. Gainera, hilabeteotan dosierra idazten aritu naiz. Ekainean entregatu behar dudanez, maiatza akabailan prest egotea espero dut».

Beka deialdia ateratzean ez zuen zalantzarik izan; «lana bai edo bai egin behar dudanez, ez nuen deus ere galtzen, eta proiektu berbera egin behar dudanez, ez dit lan gehiago suposatu». Dirulaguntzak materiala ordaintzen lagunduko dio, «azetatozko xaflak eta estanpaziorako orriak ez baitira merkeak».

Gainera, «bekak gazteok Baztanekiko konpromiso haundiagoa erakusteko balio du. Niretako garrantzitsua da daukagun ondarea azpimarratzea, eta bailararen historia bizirik irautea nahi badugu, denok egin beharko genuke ekarpen ttiki bat. Gero eta ezagunagoa egiten ari da Baztan eta aunitzetan atzentzen dugu zer nolako bailara izugarrian bizi garen».

Erlazionatuak

Baztan aztergai duten proiektuak

Ttipi-Ttapa 2023 mai 07 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun