Herriko karrikak postuz beteko dira bertze behin; gozogileak, artisauak eta hainbat saltzaile izanen dira bertan, hainbat produktu mota eskaintzeko prest: jatekoak, arropa, jostailuak, diskoak, mantak, artisau-lanak, motxila eta zorroak, galtzerdiak, diru-zorroak… Eta nola ez, aziendak eta makineria nagusi izanen dira Merkatuko Plazan, herri guzietako abeltzain eta nekazarien topaleku.
Gasna lehiaketa
Aurten, berritasun gisa, Elizondoko Ferietako I. Ardi Gasna Lehiaketa antolatu dute. Eskualdeko hainbat babesleri esker lortu dute ekimena aitzinera eramatea. Ortziralean, urriaren 28an, Iriarte frontoian eginen da eta eskualdeko hamar bat gasnagilek parte hartuko dute bertan. 11:00etatik 12:30era gasnak aurkeztu eta epaileen dastaketarako unea izanen da. 12:30ean gasna irabazleak iragarriko dituzte eta sariak banatuko dituzte; hiru gasna hoberenak, Baztango gasna hoberena eta Baztango ekoizlerik gazteena sarituko dituzte. Gainera, gasna onena enkantean paratuko dute.
Epaileak hainbat jatetxeetako sukaldariak izanen dira; Ignacio Idoate, Luismi Lakar, Beñat Ormaetxea, Sergio Ostiz de Zarate, eta Zigor Iturrieta. Epaile nagusia, berriz, Ana Matxiarena gasnetan aditua izanen da.
Lehiaketaz gain, Baztango Artisauak eta Baztango Zaporeak elkarteek azoka eginen dute frontoian egun osoan, eta Iparraldeko gasnagile eta ardogileak ere gonbidatu dituzte. Gainera, trikitixa soinuak alaituko du jardunaldia.
300 postu inguru
Bertakoak zein kanpotik etorritakoak, postuek Elizondoko karrikak beteko dituzte asteburuan, gustu guzietarako produktuekin. Antolatzaileek egun batzuk lehenago markatuko dituzte karrikak postu bakoitzeko zenbakiekin eta puzzlea osatzean «300 bat posturendako lekua izanen dela» aurreikusi dute. Saltzaile berriak izanen dira aurten, «baina betitik etortzen direnek izanen dute lehentasuna».
Saharaztan
Baztan Bidasoko Saharar Herriaren aldeko elkartasun taldeak tonbola solidarioa paratuko du aurten ere. Eskualdeko komertzio eta zerbitzuei tonbolan sartzeko produktuak emateko laguntza eskaera luzatu diete. Dirua 'Oporrak bakean' proiekturako izanen da, «udan etortzen diren haur sahararren bidaia ordaintzeko eta hemengo familiek harrera egin eta ongizate bat eskaintzea» helburu duena.
Aziendak
Merkatuko Plaza azienden erakusleiho bihurtuko da bertze behin; behiak, zaldiak, ardiak… 500 animalia inguru elkartu ohi dira urtero eta aurten ere horrelako kopurua aurreikusi dute. Aziendazaleek eta abeltzainek erakusketa ederra izanen dute ortziralean.
Makineria
Laxoko frontoia lanabes eta makineriaz beteko da feria egunean; traktoreak, sega-makinak, egurra lehertzeko makinak… Antolatzaileek azaldu digutenez, «frontoia moduloka banatu dugu, enpresekin harremanetan jartzen ari gara eta bakoitzari espazio finko bat gordeko diogu, behar duen lekuaren arabera».