Ramon Agirre Altzelai

«Gasna lehiaketek gure lanari ikusgarritasuna ematen diote»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 26a, 14:00

1990.ean ireki zuten Autxitxia gasnategia Elbeten, Ramon Agirrek kontatu digunez, «gasnategi bat ireki nahi genuen eta aukera ikusi genuen». Ardi esnearekin egiten dute lan, eta gasnaz gain «gaztanberak, zenderena eta gaztamina» ere egiten dute.

32 urte gasna egiten

Gasna egiteko prozesua azaldu digu Agirrek: «lehenbiziko esnea epeldu behar da eta gatzagia eman. Gatzagia hartu duenean moztu eta zatitu behar da eta berriz ere berotu, 30 gradutatik 35-36 gradutara. Orduan gasna bere itxura hartzen hasten da. Gero prentsan sartzen da 6-8 orduz eta horren ondotik gatza eman behar zaio eta 15-18 orduz utzi gatza hartzen. Azkenik, ontzeko ganberan sartu behar da».

Prozesu hau erakusteko tailerrak egin izan ditu gasnategian; «denbora batez egin genituen eta gehienbat eskola eta ikastetxeetatik edo talde ttikiak etortzen ziren, baina koronabirusarekin gelditu behar izan ginen. Orain berriz ere hastea gustatuko litzaiguke».
  

Jendearengana hurbiltzeko beharra

2014an pausoa ematea eta Elizondon denda bat irekitzea erabaki zuten; «bezeroengandik hurbilago egon nahi genuelako. Momentu horretan ezinbertzekoa bihurtu zen, oraingo errepide eta saihesbideekin pixka bat kanpo gelditu ginelako. Honetan segitzeko, jendearengana hurbiltzeko beharra ikusi genuen». Bertan, Autxitxiko gasnaz gain, bertze hainbat produktu dituzte salgai; «hurbileko gasnak ditugu: ardiarenak, ahuntzarenak, behiarenak… eta bertako bertze hainbat produktu, sagardoa, ardoa, eztia, giltxaurrak, marmelada…». 

Gasna lehiaketa

Aurten, lehenbiziko aldiz, gasna lehiaketa antolatuko dute Elizondoko ferietan eta bertan parte hartzea erabaki du Agirrek; «arras ekimen inportantea iruditzen zait, lehenago zerbait hasi zen baina utzi egin zuten eta orain berreskuratzen bada, gure lanari eta artzainen lanari ikusgarritasuna emanen die. Horrelako lehiaketek gure lana aitortzen laguntzen dute, gure lana eta etxean gasna egiten aritzen diren herritar guziena».

Izanen ere, gasnagileen jarduera «beharrezko lan bat dela» dio, «etxeko esneari errentagarritasun gehiago ateratzeko». Gainera, «gero eta gehiago baloratzen den lana» dela aipatu digu, «pandemiaz geroztik, jendea kontu eman da zein garrantzitsua den hurbiltasuna eta etxean egindako produktuak». Hortaz, momentu «itxaropentsu» batean ikusten du sektorea.

Lehiaketara helburu zehatzik gabe aurkeztuko dira Elizondon; «bertze hainbat gasnagilek bezala parte hartuko dugu eta ikusiko da. Gehienbat erakusleiho gisa balioko digu». Baina ez da lehiaketa batean parte hartuko duen lehenbiziko aldia; «azken aldian ez dugu parte hartzen, motelduak gaude nonbait, baina lehen Etxalarrera, Amaiurrera… joan ohi ginen eta sari batzuk hartu genituen». Horregatik, «Elizondoko ferietako lehiaketan parte hartzeko gogoarekin gaude».

Horrez gain, ferietan bertze moduren batean parte hartuko dute aurten; «aspaldi honetan ez dugu posturik, paratu gasnategian egoten garelako, baina aurten zerbait berezia egiten saiatuko gara ferian parte hartzeko». Aitortu digunez, «ez naiz arras azienda zalea baina ferietan gustatzen zait pixka bat ikustera joatea, baita postuak ere. Giro polita sortzen da eta guti ikusten dudan jendearekin elkartzeko aukera ematen dit».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun