Aitor Bazterrika Zelaieta

«Herritarrek gosez hartuko dituzte feriak aurten»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 26a, 13:00

Elizondoko alkatetza hartu zuenetik normaltasunez ospatzen diren lehenbiziko feriak ditu aurten Aitor Bazterrikak, eta «lan haundia» dela dio. Kargudunekin batera antolatzen ari da dena, «eta aitzineko alkatetza taldea ere laguntzen ari zaigu».

Iraila erdialdera hasi ziren prestaketekin; «kontuan eduki behar da 2019an geroztik ez dugula deus antolatu eta saltzaile batzuk saltzetik utzi dutela pandemiagatik, bertze aunitzek telefonoa aldatu dutela, bertze batzuk lana aldatu dutela… orduan lehenbiziko aldaketa guzi hauek eguneratu behar ditugu. Gainera, aurten badira ohiko postu batzuk etorriko ez direnak eta bertze berri aunitz etorri nahi dutenak. Horregatik, saltzaile berrien datuak hartu eta zozketa bidez esleituko ditugu lekuak, ohikoei lehentasuna emanez».

Feriak normaltasunez berriz ere

Aurten berriz ere ohiko feriez gozatzeko aukera izanen dugu; «300 bat posturendako lekua dugu, aitzineko egunetan herriko karriketan lekuak markatu eta zenbakituko ditugu eta gero postu bakoitzari leku bat egokituko zaio. Honez gain, saltzaileek postua biltzerakoan euren tokia garbi uzteko baldintza bete beharko dute». Azienda eta makineria ere betiko lekuan izanen dira; «iaz bezala, lehengo alkatetza taldeko Garra arduratzen da gehien bat azienda erakusketaz, baita gure taldeko Hasier ere. 500 bat azienda buru espero ditugu; behiak, zaldiak, ardiak… denetik».

Gasna lehiaketa, egitasmo berria

Hala ere, aurtengo berritasun nagusia Elizondoko Ferietako I. Ardi Gasna Lehiaketa izanen da, ortzirale goizean Iriarte frontoian eginen dena. «Antolaketaz solasean ari ginela horrelako zerbait egitea ongi egonen litzatekeela bururatu zitzaigun. Gastu handia izanen zelakoan udalarekin solastatu genuen, eta bertako enpresa batzuk babesle gisa laguntzeko prest zaudela erranez azaldu ziren. Sosa lortu dugu eta beraiei esker egiten ahalko dugu ekimena».

«Gasna lehiaketako epaimahaia jatetxe aunitzetako sukaldariek osatuko dute»

Lehiaketan Baztan, Urdazubi, Zugarramurdi, Anue, Bertizarana, Malerreka, Bortziriak, Ultzama eta inguruko udalerrietako gasnagileek parte hartuko dute. 10 gasnagile inguruk eman dute izena eta hilaren 21era arte zabalik dago izena emateko epea». Lehiaketaren inguruan Baztango Zaporeak eta Artisauak izanen dira «eta keinu gisa Urepeleko gasnagile eta ardogileak gonbidatu ditugu. Gainera, trikitixarekin alaituko dugu ingurua eta giro polita izanen dugu».

Epaimahaia hainbat jatetxeetako sukaldariek osatuko dute: Alhambrako Ignacio Idoatek (Iruñea), Arotxako Lusimi Lakarrek (Legasa), Jauregibarriako Beñat Ormaetxeak (Amorebieta), Zarateko Sergio Ostiz de Zaratek (Bilbo) eta ETBko Txoriene saioko Zigor Iturrietak. Epaile nagusia Ana Matxiarena gasnetan aditua izanen da. Sari banaketa ortzirale eguerdian eginen da eta hiru gasna hoberenak, Baztango gasna hoberena eta Baztango ekoizlerik gazteena sarituko dituzte. «Gainera, gasna irabazlea enkantean paratuko dugu eta dirua herriarendako izanen da».

Herritar guziendako gozatzeko aukera

Kirolarendako tartea ere izanen da asteburuan; «iaz bezala Aspe pilotaren partidak izanen ditugu, eta enpresak ekar dezakeen partidarik onena ekarriko dugu». Baztan pilotalekuan 18:00etan izanen da partida; lehenik Victor eta Gaskue, Salaberria eta Erostarberen kontra arituko dira, eta ondotik partida nagusia: Iribarria eta Zabaleta, P. Etxeberria eta Martijaren kontra. Txartelak salgai daude 30 eurotan entradasfronton.com atarian eta Futbolin ostatuan.

Feriez gozatzeko aukera izanen du Bazterrikak, «baina egunean berean ere egiteko lan aunitz izanen ditugu; dena koordinatu behar da, azienda ekartzen dutenei garraioa ordaindu, pilota partida, gasna lehiaketa eta sari banaketa antolatu behar dira, bazkariak egin… lana pilaka izanen dugu seguru». 

Herritarrek feriak «gosez» hartuko dituztela dio; «eguraldia lagun baldin badugu Elizondon jendetza izatea espero dugu eta giro ezin hobea izanen da feria egunetan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun